euskal herria

Gatazkaren konponbiderako alde guztien parte hartzea beharrezkotzat jo dute

Gipuzkoa Forum eztabaida gunea aurkeztu dute gaur Donostian. Horretan, 'Bakea eta berradiskidetzea. Irlandako eredua' izan dute hizpide. Audioak: Lehenengoan Jokin Bildarratzen hitzaurrea eta Joseba Egibarren hitzaldia. Bigarrenean Andoni Ortuzarren hitzaldia.

2013ko apirilaren 13a
19:42
Entzun

Gipuzkoa Forum gogoeta eta eztabaidarako gunea aurkeztu dute gaur goizean, Donostian, Gipuzkoako Bazkundearen egoitzan. Irlandan baketzean eta berradiskidetzean eginiko bidea hartu dute hizpide ekitaldi horretan; Bakea eta berradiskidetzea. Irlandako eredua izenburupean ari dira solasean.

Forum horren lehen ekitaldia da gaurkoa, eta parte hartzaileen artean izan dira Joseba Egibar EAJko Gipuzko Buru Batzarreko presidentea, Harold Good IRAren desarme-prozesuan parte hartu zuen apaiz protestantea, Pat Colgan Europako Batasunaren Ipar Irlandako Bake eta Adiskidetze programaren arduraduna eta Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidentea.

Irlandako ordezkariek ezinbestekotzat jo dute konponbidean gatazkarekin zerikusia izan duten alde guztiek parte hartzea, eta "pazientzia, konfiantza eta beste aldean dagoenarekiko errespetua" beharrezkoa dela aldarrikatu dute. Goodek esan du armagabetzeak ezin duela izan ezinbesteko baldintza elkarrizketa hasteko.

Colganek adierazi duenez, errespetatu egin behar da alde bakoitzak gertatutakoaz duen ikuspegia. Bizikidetzarako guneak sortzeko beharra ere azpimarratu dute.

Egibarren ustetan, Euskal Herriko bake prozesuaren "giltzetako bat" ETAk emandako pausoen "aldebakartasuna" da. Gaineratu du beharrezkoa dela "bizikidetzarako marko egoki bat" sortzea, eta Espainiako Gobernuari ohartarazi dio "erabakitze eskubidea errespetatzen ez den bitartean, gatazkak bizirik jarraituko" duela.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.