Gara egunkariak ETAri egindako elkarrizketaren harira ezker abertzaleak agerraldia egin du gaur arratsaldean eta bereziki azpimarratu du lehentasuna duela gatazkaren ondorioei heltzeak. Rufi Etxeberriak eta Haxier Arraizek esan dute ETAk "ozen eta zalantzarako tarterik utzi gabe" esan duela ez duela prozesua baldintzatuko, eta "soilik gatazkaren ondorioei dagokienez parte hartuko duela". Horregatik presoen eta iheslarien etxeratzeari, desarmeari eta desmilitarizazioari "gaurdanik" heldu behar zaiela iritzio dio ezker abertzaleak.
Ezker Abertzaleak azpimarratu du gatazkaren konponbiderako prozesuak ez duela alternatibarik, alternatiba bakarra prozesu demokratikoa bera dela: "Zailtasunak zailtasun", amaieraraino eramateko gai izan behar dugu, guztion parte hartze eta konpromisoaz. Ikuspegi hau ere ETAk bere egiten duela guztiz agerian geratu da elkarrizketan". Ezker abertzaleak gaineratu du, horregatik, alderdien esku egongo dela gatazka historikoaren oinarrian dauden korapiloak askatzea: "Alegia, herri honen aitortza eta erabaki eskubideaz adostasuna erdiestea".
Ezker abertzaleak armak uzteko erabakiaren atean dagoen "hausnarketa sakoa" eta erabakia beraren "sendotasuna" nabarmendu du. Gaur zenbait politikariren ahotik izan diren kritikei erantzunez esan du ezker abertzalearen iritziz hauteskunde kanpainaren gainetik kokaturik dagoela elkarrizketa. "ETA erakundeak ez du hauteskunde kanpainari begirako hausnarketa burutzen, gatazkaren konponbidea bururaino eramateko zer konpromiso hartzeko prest dagoen azaltzea du xede. Ezker Abertzalearen iritziz, ariketa hau ardura eta konpromiso osoz egiten du".