Gatza Mandelarekin alderatzeagatik, bi urteko zigorra Otegiren kontra

Sagarduik kartzelan 25 urte egin zituela salatuz 2005ean Zornotzan egin zen ekitaldian hitz egiteagatik epaitu dute

Arnaldo Otegi, atzo, Espainiako Auzitegi Nazionaleko akusatuen aulkian. ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Madril
2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Jose Mari Sagardui Gatzak espetxean 25 urte betetzen zituela-eta 2005eko uztailaren 9an Zornotzan egin zen ekitaldian parte hartu izanagatik «terrorismoa goratzea» egotzita, bi urteko espetxe zigor eskaerekin amaitu da Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidearen aurkako epaiketa. Urte eta erdiko kartzela eskatu du fiskalak, eta bi urtekoa herri akusazio gisa aritu diren Ermuko Foroak eta Dignidad y Justiciak. Absoluzioa eskatu du defentsak.

Atzo hasi eta amaitu zen, Auzitegi Nazionalean, bigarren aldiz egin denepaiketa. Iaz, beste epaimahai batek egina zuen ahozko saioa: aurreko bi asteetan Otegi bera Bateragune auziagatik epaitu zuen Angela Murillo epaimahaiburu zuen epaimahai berak. Otegi zigortu ere egin zuen: bi urteko kartzela zigorra jarri zion. Baina geroago, Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zituen epaiketa eta epaia. Murillok epaiketa gelan erakutsi zuen jarrerak Otegi aurreiritziekin epaitu zuela agerian geratu zela arrazoituta; epaileak ez zuela inpartzialtasunez jardun. Ondorioz, Javier Gomez Bermudez buru duen epaimahaiak egin zuen atzoko epaiketa, Gatza Nelson Mandelarekin alderatu izana akusazioen oinarri bakartzat zuela.

«Terrorismoa goratzea» egozten diote akusazioek Otegiri, eta, Jone Goirizelaia abokatuak ohartarazi zuenez, delitu hori adierazpen askatasun eskubideari gailentzeko, «goratze» horrek argia izan behar du; espresuki esana. Akusazioek horretarako esaldi bakarra dutela gogoratu zuen; eta esaldi horrekin, ezinezkoa dela inor zigortzea. Nelson Mandelari buruzkoa da esaldi hori. 27 urte preso izan zutela gogoratu zuen Otegik 2005eko ekitaldi hartan, eta arrazoi politikoengatik denbora gehien preso izan zuten pertsona zela;Sagarduik, 25 egin zituela dagoeneko kartzelan. «Mandela kartzelan zutenean terroristatzat zuten arren, gero Bakerako Nobel Saria eman zioten eta gero Hegoafrikako presidente izan zen», esan zuen Gatza askatzeko eskatuz eginiko ekitaldi hartan. Euskal presoen bidea «berdina» izango dela gaineratu zuen; terroristatzat jo direla, «beharrezko mintzakide» izango direla, eta bestelako eskenatokia eraikiko dutela gero.

Akusazioak sutan jarri zituen alderatze horrek. «Nobel Saria da Mandela!». Mandelak ez zuela sekula indarkeriarik onartu esan zuten bi akusazioek, eta Sagarduik odol delituak dituela.

Auzia lehen aldiz epaitu zutenean, Otegik berak gogoratu zien Mandelaren historia akusazioei. Goirizelaia abokatuak egin zuen atzo: «1960. urtean, herri batetan egin zuten sarraski baten ondoren, erakunde bat sortzea erabaki zuen Mandelak; Nazioaren Lanza izena eman zion eta erresistentzia armatua egiten zuen».

Gatzari lore eskaintza egin ziotela eta hala hark egindako delituak goratu zirela ere badiote akusazioek. Lekukoek atzo azaldu zutenez, presoaren senideei egin zitzaien eskaintza, «hainbeste urtetan sufritu dutenagatik». Otegik, hileta guztietan, «errespetuagatik», krabelin gorria jartzeko ohitura duela esan zuen; «izan familiakoak, izan PP edo PSOEkoak». «Nork sufritzen du gehiago, kartzelan dagoenaren familiak edo hilerrian denarenak?», erantzun zion Ermuko Forokoak. Ekitaldian txalaparta, dantzariak eta bertsolariak egon izanak ere frogatzat dituzte akusazioek.

Hala ere, herri akusaziokoek nabarmen gutxitu dute Otegiren aurkako eskaera. Atzora arte bost urteko kartzela eskatzen zuten, beste bi delitu ere egotzita: Legez kanpoko bilera egitea eta legez kanpoko elkarteko kide izatea. Akusazio horiek erretiratu zituzten atzo, eta «terrorismoa goratzeagatik» jar daitekeen zigor handiena eskatu: bi urteko kartzela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.