Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburua arduratuta dago kontzertu ekonomikoaren kupoaren inguruko eztabaida garatzen ari den moduagatik. Horregatik, "zorroztasuna eta seriotasuna" eskatu ditu gaiaren inguruan hitz egiteko.
"EAEko berezko zerga sistema berezi eta espezifikoa oinarritzen da aldebakarreko arrisku bat bere gain hartzean: estatuak ez luke Euskadi erreskatatuko, haren ekonomiak okerrera joko balu". Era berean, Gatzagaetxebarriak gogoratu du kontzertua ez zela Espainiako deszentralizazio politikaren ondorioz sortu. "Euskal Herriko hainbat ordezkarik eta Espainiako botere publikoek 1878an egindako ituna da".
Andoni Ortuzar EBBko presidenteak azaldu du, EAEk biztanleria eta aberastasun maila kontuan hartuta, behar baino gehiago ematen diola Espainiari. "Kupoa %6,24n dago zehaztua, eta Euskadin biztanleen %4,7 baino ez da bizi. BPGa berriz, Espainiakoaren %6,07 da. Hori da Estatuko gutxiago garatu diren lurraldei ematen diegun elkartasun laguntza".
Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak ere Susana Diazi erantzun dio: "Euskadik ez du pribilegiozko erregimena, arrisku sistema bat baizik". Gainera, nabarmendu du EAEk ez duela beste erkidegoek baino diru gehiago jasotzen. "Guk ez dugu estatuaren dirurik jasotzen, guk estatuari dirua eman egiten diogu". Mendiaren aburuz, PSOEn "inork ez du kontzertu ekonomikoa zalantzan jartzen". Hala ere, kupoa berrikusteko beharra nabarmendu du, azken akordioa 2003koa baita.