Arabako Unibertsitate Ospitaleko Osakidetzako Loaren Unitateak 13.000 gaixo artatu ditu 1991. urtetik. Osasun zerbitzuetako adituak prestatzen ere aritu da, zenbait egitasmoren bitartez. Hain zuzen ere, loaldian izaten diren arnasketa nahasmenduei buruzko jardunaldi batzuk egiten ari dira han, egunotan. «Espezialistez gain, dentistak, pediatrak, pneumologoak eta erizainak ere etortzen dira loaldiari buruz ikastera, gero euren esparruan erabiltzeko», azaldu du Carlos Egeak, Loaren Unitateko buruak.
Zer garrantzi du loaldiak?
Otorduek duten garrantzi bera dauka loaldiak. Janaria eta oxigenoa dira gure gorputzaren erregaiak; loaldiarekin, atseden hartzen dugu, eta neuronak berriztatzen dira. Ezin gara bizi jan gabe, ezta lo egin gabe ere.
Medikuntzak behar besteko garrantzia eman ohi dio?
Medikuntzako ikasketetan, duela gutxi arte ez zen ezer ikasten loaldiari buruz. Prozesu pasibo bat zen heinean, eraginik ez zuela pentsatzen zen. Dena den, bizitzaren heren bat ematen dugu lo, eta egunean azalarazten diren hainbat arazoren iturria izan daiteke. Horregatik da garrantzitsua loa ikertzea.
Zer ildo ari dira ikertzen gaur egun?
Loa ikertzeko eta tratatzeko tresneria hobetzeko lanean ari dira. Genetika ere ezin da ahaztu, analisi soil bati esker loaldiaren nahasmenduak izateko arriskuen berri izateko.
Zeintzuk dira loaldiaren nahasmendu nagusiak?
Helduengan, bi arazo nagusi daude. Lehena, zurrungak eta loaldiko apneak dira, pertsona batek lo dagoenean arnasteari uzten dionekoa. Dena den, zurrunga soilik ez da arazoa; pentsa, Arabako gizonen erdiek zurrunga egiten dute! Beste arazo nagusia insomnioa da. Egunez nekea eta arreta falta eragiten ditu, atsedenik ezaren ondorioz.
Bilakaerarik sumatu al da bi gaixotasun horietan?
Krisi ekonomikoaren ondorioz, kasu gehiago ikusten ari gara. Nork ez du izan lo egin ezina noizbait? Senideren baten heriotza, laneko gorabeherak... Batzuetan, unean uneko insomnioak dira, baina, kasu jakin batzuetan, kroniko bihur daitezke.
Adingabeen kasuan, zein da arazo nagusia?
Anginek eragiten dizkiete apneak, batez ere. Horrez gain, ohitura txarren ondorioz agertzen diren nahasmenduak ere badaude. Kasu horretan, haurrei eta gurasoei eragiten diete.
Haurren kasuan, nola eragiten du atseden falta horrek?
Lo gaudela, hormona asko jariatzen ditu gorputzak; giza hazkundearen hormona, adibidez. Apnearen ondorioz, gauean loa etengabe mozten bada, orduan, ez dira hormona horiek jariatuko, eta hazteko arazoak agertuko dira, harremanak izateko zailtasunak, arreta falta... Guk 1.400 haur diagnostikatu ditugu, eta askori anginetako ebakuntza eginda sendatu diegu nahasmendua.
Oro har, nola antzematen dira loaldiko nahasmenduak? Noiz jo behar da medikutara?
Norbaitekin lo eginez gero, beste pertsonak ikus dezake, agian, gauean arnasteari uzten diola hainbatetan. Telebista aurrean edo zineman eseri eta bost minutuan lokartzea, lanean hainbat kafe hartu behar izatea esna egoteko... Zerbait gertatzen den sintomak dira horiek. Apneak tratatuz gero, bizi-kalitatea izugarri hobetzen da.
Bizi-kalitateari ez ezik, osasunari ere eragiten al diote loaldiaren nahasmenduek?
Loaldiko apneak izaten direnean, tentsioaren gorakadak sor daitezke, besteak beste. Lehen laguntzetako medikuek egunez baino ez dituzte ikusten tentsioa kontrolatzeko arazoak dituzten pertsona horiek; botika eman arren, ez dute kontrolatzen, gauean baitago tentsioaren desorekaren iturria.
Noiz jo daiteke lo egin ezina patologikotzat?
Hilabete baino gehiago irauten duenean eta egunerokoan eragiten duenean. Guztiok izan dugu noizbait insomnioa.
Nahikoa prestatuta al daude lehen laguntzetako medikuak?
Lehen laguntzetako medikuek eta pediatrek gero eta informazio gehiago dute. Gero eta gehiagotan jotzen dugu haiengana, erabakiak hartzeko orduan informazio egokia izan dezaten.
Dena den, datuen arabera, nahasmendu guztien ehuneko txiki bat baino ez dira diagnostikatu.
Loaren estereotipoak aldatzen ari dira, eta ikusi dugu hobetu egin dezakegula duela milaka urte egokitzat jotzen zena. Dena ez da gaixotasuna, ordea; ez ditzagun osasuntsu daudenak gaixo bihurtu.
Gero eta diagnostiko proba gehiago egiten dira gaixoen etxean, ezta?
Ospitaleetan, ohe kopuru mugatua dugu. Horretaz gain, nahasmendu horietan, interesgarria da pertsona bere ohiko inguruan egotea. Etxean egonda,ez du presioa sumatzen. Haurrak askoz lasaiago daude. Are gehiago, ohitura txarrak dituzten umeen kasuan, kamerak ere jar daitezke.
Zein ohitura txar daude? Zer egin behar da loa errazteko?
Loaldi ziklo erregularrak izan behar ditugu. Horri ez diogu ematen behar besteko garrantzirik. Pentsatzen dugu loak ez duela garrantzirik. Gauero, sakelako telefonoa kargatzen jartzen dugu bateria izan dezan, baina ez geure burua.
Eta ohera joan aurretik?
Gehiegi ez afaltzea aholkatzen da, proteinarik ez hartzea, 22:00etatik aurrera alkoholik ez edatea, kirol nekagarririk ez egitea oheratu aurretik, logela zinema areto ez bihurtzea...
Zinema areto?
Logelan, irratiak daude, ordua sabaian ematen duten erlojuak, telebista, liburuak... Jangela jateko dela ikasi dugu; logela, berriz, zinema bihurtu dugu: filmak ikusi eta krispetak jateko leku, hain zuzen.
Carlos Egea. Arabako Unibertsitate Ospitaleko Loaren Unitateko burua
«Gauero, sakelako telefonoa kargatzen jartzen dugu, baina ez geure burua»
Loaldiko nahasmenduek eguneroko bizimoduan duten eraginaz ohartarazi du Egeak, nekeak eragindako arreta faltarekin hasi, eta bihotz-hodietako arazoak izateko arriskuarekin bukatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu