Egunkaria balego, 24 urte beteko zituzkeen gaur, abenduaren 6an. Baina 2003tik itxita dago, Espainiako Auzitegi Nazionalaren agindu bat Guardia Zibilak gauzatuta. ETArekin lotuta operazio bat egin zuten orduko otsailaren 20an, eta beste bat urrian —auzi ekonomiko gisa jo zen gero—. Auzia 11 urtera bukatu da, zigor epairik jaso gabe: itxiera kasuan Auzitegi Nazionalak absoluzioa eman zuen 2010eko apirilean, eta auzi ekonomikoan, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak preskripzioa aurtengo urrian.
Auzian, hedabide baten itxiera eta likidazioaz gain, hemeretzi lagunen atxiloketa izan ziren, hamar auzipetu –haietatik hiru, bi auzietan–, zazpi torturatu, sei espetxeratu, 700.000 euro bermeetan ordainarazi, 180 langile langabezira, 15.000 erosle eta 50.000 irakurle Egunkaria gabe, auzibidean 500.000 euro inguruko gastua...
Auzipetuek salatu zuten auziak "bultzada politikoa" izan zuela. Era berean, beti eskertu izan dute euskal gizarteak emandako "babesa". Joan den urriaren 17an Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean egindako eskertza ekitaldian azpimarratu zuten gertatutakoa ez dela sekula ahaztu behar, eta gogoratu zuten Espainiako Estatuaren aldetik ez dutela kalteordainik eta barkamen eskaerarik jaso.
Egunkaria zen, itxi zutenean, euskarazko kazeta nazional bakarra. Eguna izan zen aurrekoa: 1937ko urtarriletik ekainera artean atera zuten, Espainiako Gerran; haren jabetza EAJk zeukan eta dirua Eusko Jaurlaritzak jartzen zuen.
1989ko azaroaren 1ean egin zuen lehen bilera Egunkaria Sortzen herri plataformak. Deialdi publiko eta zabala egin zuten, eta orduan eratu zen talde eragilea. Helburua: euskarazko egunkari nazionala sortzea. Baita sortu ere, 1990eko abenduaren 6an, 11 oinarrirekin: euskaltzalea, nazionala, baterakoia, zabala, independentea erdal komunikabideetatik, independentea erakunde publikoetatik eta alderdi politikoetatik, ez-instituzionala, diruz lagundua, militantea, profesionala eta berria. Jaurlaritzarekin akordioa lehen aldiz 1994an egin zuen Egunkaria SAk.
2003an kazeta itxi eta hurrengo egunean bertan hango langileek Egunero argitaratu zuten. Lehen egunean 70.000 ale saldu zituen, eta BERRIA atera artean iraun zuen. Hain zuzen, 2003ko ekainaren 21ean atera zen BERRIA 1. zenbakia, Egunkaria-ko langile ohien ekimenez; Euskal Herrian hogei mila akziodun pasak dirua jarri zuten proiekturako.