Iñaki Anasagasti, Itziar Aizpurua, Ramon Etxezarreta, Begoña Errazti, Antton Karrera eta Iñaki Aldekoa. Guztiak Espainiako Konstituzioaren eztabaida garaian, 1978an, politikagintzan ari zirenak. Anasagasti ez beste guztiak, Konstituzioari ezezkoa ematearen alde zalantzarik gabe egin zutenak. Abstentzioa eskatu zuen EAJkoak. Euskadiko Ezkerran ziharduten Etxezarretak, Erraztik eta Karrerak. Herri Batasunan Aizpuruak eta Aldekoak. Eusko Alderdi Jeltzalean, Anasagastik. Egun, seietako bakoitzak, aukera politiko batean dihardu, baina gehienek, orduko jarrera defendatzen dute egun ere, gaur 30 urte onartu zen Espainiako Konstituzioaren inguruan. Etxezarretak hartuko luke bestelako bidea. Orduan ezezkoaren kanpainan aktiboki hartu zuen parte EEko kide zela. Gaur, baiezkoa bozkatuko luke PSE-EEkoak, «zalantzarik gabe». Ez du, hala ere, ordukoaz damurik: «Joko zuzena izan zen nirea».
Gaur egungo begietatik, alde on eta txarrak ikusten dizkiote gehienek Espainiako Konstituzioari. Baina aldatu beharra dagoela esateko arrazoiek pisu handiagoa dute ia guztiengan. Etxezarreta eta Anasagasti dira hobetu daitekeela uste duten arren bere horretan mantentzearen alde egiten dutenak. Aizpuruak, ez dio alde onik aurkitzen.
Gainontzeko guztiek oinarri berera jotzen dute 1978ko Konstituzioaren alde onak aipatzeko eskatzerakoan: «Oinarrizko eskubide eta askatasunen aitorpena egiten zuen». «Beste gauza bat da, eskubide horiek betetzeko unean hutsune handiak egon direla», zehazten du Erraztik.
Lehen ez, orain bai
Etxezarretak, duela 30 urteko ezezko botoa egun baiezko bihurtuko lukeela dio. «Demokrazian politikagintzak nolakoa behar zuen tankerarik ez geneukan», arrazoitu du orduko ezezkoa. Edozein kasutan, argi ikusten ditu orain Konstituzioaren onurak: «Herritarren eskubideen pedagogiarako balio izan digu, herrien eskubide difuminatu bat besterik ez genuenean». Areago, PSE-EEkoaren esanetan, Konstituzioari esker, «Euskal Herriak bere historia osoan lehenbiziko aldiz dauka nolabaiteko errekonozimendu politikoa, beste inon eta inoiz izan ez duena».
Nazioen aipamena egitea urrats gisa dute gehienek. «Nazioak eta erregioak bereiztea». Baina ibilbide motzeko pausoa izan zela diote, Konstituzioak nazioak eta erkidegoak aipatu arren ez baitu horietako bakoitza zer den zehazten. «Nazionalitateen kontzeptua aipatu egiten du, baina gero ez da sekula argitu zer diren nazionalitateak, zeren, hala egingo balute, nazionalitateen eskubideak onartu egin beharko lituzkete eta ez daude horretarako prest», hausnartu du Aldekoak.
Hain zuzen ere, herri izaera aitortze eza da, alderik ezkorrena, Etxezarreta ez beste guztien ustez. Euskal Herria ez duela nazio gisa aitortzen eta autodeterminazio eskubidea ukatzen diola. «Konstituzioa gure herriaren ukazioa da, goitik behera», dio zorrotz Aizpuruak. «Herri bakarra espainola dela dio, eta independentistontzat ez dagoela lekurik». Herriei etorkizun politikoa erabakitzeko aukera ukatzea eta Hego Euskal Herriari lurralde zatiketa ezartzea dira, ezker abertzalekoaren esanetan, Konstituzioak ekarritako kalteen artean okerrenak. EAJri egotzi dio horren arduraren zati handi bat. «Konstituzioa onartu eta hurrengo urtean, EAJk hondamendira eraman gintuen herri gisa, estatutuei bide eman zienean». Azken finean, «Konstituzioaren muina» eta herri zatiketa ezarri zituela aurpegiratzen dio EAJri.
«Espainia proiektu itxi eta bakar gisa defendatzen du Konstituzioak, eta demokrazia normalizatu batean oinarri izan behar lukeena ukatzen dio Euskal Herriari: erabakitze eskubidea», ohartarazi du Erraztik. Aldekoaren hitzetan, «estatu barnean diren nazioen eskubideak ez ditu onartzen eta hortan datza egun irauten duen problema handiena».
Konstituzioak Espainiako armadari ematen dion «zaintzaile rola» eta monarkia ezarri izana ere aipatzen dute guztiek Espainiako itunari ezetza emateko arrazoi gisa. «Armadaren esku uzten du Espainiaren batasuna, eta horrela, herrien nahia zapaltzeko bidea jarri du», dio Karrerak. Hain zuzen, hori demokraziaren aurkakoa dela dio: «Herri bakoitzaren nahia errespetatuko duen konstituzioa da behar dena; estatua osatzen duten herriek eroso eta beren gogoz egon behar dute bertan. Beren gogoaren aurka badaude, ezin da esan demokrazian gaudenik».
Hortaz, «hutsune horiek» konpondu egin behar direla uste du. Konstituzioa aldatzeko lan egin behar dela. Hala uste dute Aizpuruak, Erraztik eta Aldekoak ere. «Bestela, gabezia horiek hor egongo dira eta halakoek egonezina eragiten dute jende askorengan. Horrek arazoak ekartzen ditu», ohartarazi du Karrerak.
EAJk bat egiten zuen irakurketa horietako gehienekin 1978an. Baina abstentzioa eskatu zuen. «Gure zuzendaritzako kideek garai gogorrak pasatu zituzten. Kartzelan eta exilioan egonak ziren; jazarriak», azaltzen du Anasagastik. «Desertuan dagoenari ur pixka bat ematea bezala izan zen; dagoen ura presaka edaten dute. Konstituzioari baietz esateko eskatzen ziguten, bestela okerrago egongo ziren beldur zirelako».
EAJren «obsesioa» zein zen ere azaltzen du: «Bizkaiko eta Gipuzkoarako kontzertu ekonomikoa gutxienez lortzea, eta Leizaola lehendakaria itzuli ahal izatea». Parisen zen Leizaola, erbestean. «Azkenean, ez bai eta ez ez; abstentzioaren alde egin genuen».
Egun Konstituzioak duen okerrena berme izan behar lukeen Auzitegi Konstituzionala dela dio. «Salduta dagoen epailea da; ez da batere inpartziala eta urraketen aurrean ez dugu nora jo». Hala ere, ez du Konstituzioa aldatzearen alde egiten. «Beldur handia ematen dit meloia zabaldu eta okerrera egiteak». Hortaz, nahiago du egungo egoeran jarraitu.
Etxezarretak dio «hobera dezente» alda daitekeela. «Baina ez dut aldaketarako apusturik egingo, hobetzea arriskuan jartzeko zori urrutiratua ez deneino».
Politika
Gaur 30 urte onartu zen Espainiako Konstituzioa
Ordurako politikan zebiltzan sei lagunekin aritu da BERRIA, Iñaki Anasagasti, Itziar Aizpurua, Ramon Etxezarreta, Begoña Errazti, Antton Karrera eta Iñaki Aldekoarekin. Orduko ikuspegiaz eta oraingoaz, eta haren alde on eta txarrez mintzatu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu