Astearen hasieran eman zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik albistea: gaur martxan jartzekoak ziren gazteek, 16-29 urte arteko herritarrek, COVID-19aren aurkako txertaketarako ordua hartzeko sistema. Goizean ez da ibili, ordea. Izena eman ezinik ibili dira gazteak eta eguerdian jarri da martxan, baina traba handiekin. Hala ere, hainbat gaztek lortu dute txertoa hartzeko ordua hartzea. Denera, gaur 78.300 gaztek lortu dute izena ematea Osakidetzan txertatzeko, Sagarduik Ser irratian jakinarazi duenez. «Arrakasta» izan dela nabarmendu du.
Sailburuak argi utzi zuen, behin gazteei txertaketarako atea irekita ere, egun batetik bestera ezingo zirela denak txertatu; astia beharko zela esan zuen, eta txertoak iritsi ahala ikusiko zela zer gaitasun zegoen gazteak txertatuz joateko. Izan ere, onartu zuen oraindik ere burutzeko dagoela goragoko edade tarte guztien txertaketa prozesua.
Hainbat iturriren arabera, atzo gauerdian eskariak asko izan ziren, eta sistemak ezin izan zuen erantzun. Gaur goizean berriz, 16-29 urte arteko gazteak osakidetzaren webgunean sartu direnean, ez dute txertoa jartzeko aukerarik topatu. Eguerdiko hamabietan zabaldu du Osakidetzak txertaketarako aukera, baina minutu gutxiren buruan berriro kolapsatu da. Itxarote-ilara bat antolatu behar izan du Osakidetzak. Kontsulta arruntak eskatzeko ere arazo ugari izaten ari dira.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 16-29 urte arteko 270.000 pertsona daude, eta uztaila eta abuztua bitarte denek txertoa hartzeko era izango dutela adierazi dute osasun sistemako iturriek.
â—KONTUZ! Talde horri agendak irekitzeak ez du esan nahi astebetean txertatuta egongo direnik.
— Osakidetza (@osakidetzaEJGV) July 9, 2021
ðŸ™ÂÂÂÂÂÂÂÂðŸ½Pazientzia eskatzen dugu. Agendak zabalik egongo dira UZTAILA eta ABUZTU bitartean.https://t.co/YdRUxF7mgF
Gazteen txertaketak orain aparteko garrantzia du, birusaren aurrean babesik gabe dauden talde zabalena direlako, eta transmisioaren igoeran azken asteotan egon den gorakadan, batez ere, gazteen artean hedatu delako. Itxura guztien arabera, erietxeetara ez dakar horrek aparteko zamarik, baina transmisio datu altuen gainean kezka dago, eta adi-adi daude osasun agintariak.
Euskal Herriko gainerako herrialdeetan txertoa hartzeko atea irekita dute ja adin tarte horretako pertsonek. Osasunbidean lehengo astetik ari dira, eta txertoa hartzen hasiak dira dagoeneko hainbat gazte. Ipar Euskal Herrian aste ugari daramatzate txertoak ematen adin irizpiderik gabe: txertoa hartzea nahi duen orok du horretarako aukera.