Gaur amaituko dute presoen aldeko baraualdia

Parte hartu duten gizarte eragileetako ordezkariek elkarretaratze bat egingo dute Donostian

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Gizarte eta herri mugimenduetako ordezkariek egin dute baraualdiaren azken txanda. Haiek amaituko dute, gaur, presoen eskubideen aldeko eta espetxe politika aldatzeko eskatzeko astebeteko baraualdia. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako campusean egin dute, Ibaetan. Goizean pankarta hartu eta Bulebarrera joango dira, han egingo baitute baraualdiaren amaierako ekitaldia, elkarretaratzea, 12:30ean.

Elkarretaratzean izango dira aste honetan baraualdiaren 24 orduko txandetan parte hartu duten alderdietako, taldeetako eta gizarte eragileetako ordezkariak: ezker abertzalea, Aralar, EA, Alternatiba, LAB, EILAS, EHNE, ESK, Hiru, Gazte Abertzaleak, Gazte Independentistak, EGK, Ikasle Abertzaleak, ESAIT, Bai Euskal Herriari, Euskal Herriak Bere Eskola, Iratzarri, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Etxerat eta Askapena.

Parte hartzaileek baraualdiaren bidez bat egin dute presoak Euskal Herriratzearen alde Egin Dezagun Bidea plataformak urtarrilaren 7rako Bilbon antolatutako manifestazioarekin.

Alderdien izenean baraualdian hauek parte hartu zuten, besteak beste: ezker abertzaleko Rufi Etxeberriak eta Txelui Morenok, Aralarreko Rebeka Uberak eta Amaiurreko senatari eta EAko kide Alberto Unamunzagak. Alternatibako ordezkariak ere izan ziren.

Alderdi politikoetako eta erakundeetako ordezkariek eman zieten lekukoa gizarte eta herri mugimenduetako ordezkariei atzo. Gizarte eta herri mugimenduetako ordezkariek, 24 orduko baraualdia hasi aurretik, elkarretaratzea egin zuten Carlos Santamaria eraikinaren aurrean, Euskal presoen eskubideen alde, baraualdia lelopean.

Arazoak izan zituzten atzo eguna EHUren Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean pasatzeko. Ondorioz, Ibaetatik Antiguara joan ziren, eguna auzoko dantza talde baten egoitzan pasatzera. Iluntzean Irakasleen Unibertsitate Eskolara jo zuten, lo egitera.

Aste guztian hainbat mobilizazio egin dira Euskal Herrian presoen eskubideen alde eta urtarrilaren 7ko manifestazioari begira. Atzo, esaterako, Bilbon kuadrillek ordubeteko txandekin hamabi orduko elkarretaratze bat egin zuten; Santutxun ekitaldiak egin zituzten egun osoan; Oiartzunen (Gipuzkoa), agerraldi jendetsua; eta Tolosan (Gipuzkoa), hainbat elkartek hitzartutako testuaren aurkezpena eta estropadak.

@Informazio gehiago izateko eta baraualdiari buruzko bideoak ikusteko:

www.egindezagunbidea.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.