Inoizko jendetsuena izan zen 20. Korrika, AEK-ko arduradunen esanetan, eta datorren urtean 21.ena ere arrakastatsua izan dadin lanean ari dira dagoeneko. Gaur aurkeztuko dute lasterketaren 21. ekinaldia, Donostian, San Telmo museoan. Ibilbidea non hasi eta amaituko den, zein egunetatik zein egunetara egingo den eta omenaldia nori eskainiko dioten argituko dute.
Iazko Korrika Otxandion hasi eta Iruñean amaitu zen eta ezaugarri bereziak izan zituen. Batetik, parte hartze handia izan zuelako: 56.000 peto baino gehiago saldu zituzten eta guztiak agortu ziren, 19. Korrikan baino 11.000 gehiago salgai jarri zituzten arren; bestetik, euskalgintzako eragileen eta erakunde publikoen arteko elkarlana islatu zuen. Elkarlan horren emaitza izango da azaroaren 23an abiatuko den Euskaraldia ere.
11 egunez, 2.557 kilometroko ibilbidea egin zuen lekukoak. Haren barruan, Joseba Sarrionandia idazlearen mezua garraiatu zuten milaka euskaltzalek, eskuz esku, helmugaraino. Iruñean, Sarrionandiaren mezua publiko egin zuten. "Euskararen alde egitea normaltasunaren aurka egitea da oraindik", adierazi zuen. "Euskararen aldeko mugimendua egonkortu egin dela esaten da, normaltasunaren alde aurrerapauso handiak egin eta normalitate moduko batean lasaiturik edo trabaturik gelditu dela euskaraz bizi ahal izateko asmo kolektiboa". AEK-ko arduradunek nabarmendu zuten bizi dugun "aukera historikoa" ezin dela "pasatzen utzi".
Hona 20. Korrika Iruñeara heldu zenean Berria TBk egin zuen bideoa:
[youtube]https://youtu.be/TzevoJuN_44[/youtube]