hilberria

Gaur arratsaldean agurtuko dute Txomin Ziluaga, Ibarrangeluko Laga hondartzan

Seietan hasiko da ezker abertzaleko kide historikoaren aldeko ekitaldia. Atzo hil zen.

2012ko urriaren 25a
16:02
Entzun

Txomin Ziluaga zena gaur arratsaldean omendu eta agurtuko dute Ibarrangelun, Laga hondartzan, arratsaldeko seietatik aurrera izango den ekitaldi batean. Ezker abertzaleko buruzagi historikoa atzo hil zen; duela hiru egun lurrera erori, eta ospitalean zendu da. Ziluaga 1939an jaio zen, Erandion. 

Ezker abertzaleak jakinarazi du ordezkaritza zabal bat bidaliko duela Ibarrangeluko omenaldi ekitaldira, eta herritarrak hara joatera deitu ditu, "Txomin Ziluagari merezi duen agurra emateko".

Ohar baten bidez, ezker abertzaleak haren "ekarpen humano, politiko eta militantea nabarmendu eta eskertu" zituen atzo. "Bere herriarekiko eta herritarrekiko konpromiso iraultzailea izan da Txomin Ziluagaren bizitzaren ardatza. Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialaren aldeko borrokaren lehen lerroan izan da".

Politika arloan ibilbide luzea egin zuen Ziluagak. Frankismo garaian atxilotu —1969an—, eta zazpi urte egin zituen kartzelan. 1976an askatu zuten, amnistiarekin. HASIko idazkari nagusia izan zen, baita HB Herri Batasunaren sortzaile eta Mahai Nazionaleko kidea ere. Zientzia Politikoko irakaslea izan zen UNEDen. 1978an izendatu zuten HASIko idazkari nagusi, eta 1988an alderditik bereizi zen beste militante batzuekin, baina HBko militante izaten jarraitu zuen.

1986an Espainiako Kongresuko diputatu hautatu zuten, eta lehenago legebiltzarkide ere aukeratu zuten, baina bietan ez zuen bere lekua bete. Ezker abertzaleko belaunaldi historiko bateko partaide izan zen, besteak beste Iñigo Iruin, Telesforo Monzon, Jon Idigoras, Iñaki Esnaola eta Tasio Erkiziarekin lan eginez. Denen artean, ordea, Santi Brouard HASIko lehendakari izandakoa izan zuen gertukoena. "Nire bigarren aita izan zen", aitortu zuen Ziluagak.

Hainbat urtetan ezker abertzalearen militantzia aktibotik aldenduta egon ondoren, parte hartze publikora itzuli zen 90eko hamarkadaren bukaeran. Azkenaldian, ezker abertzalean, jendaurreko zenbait agerraldi egin zituen, besteak beste 2010eko urrian HBko kide historikoek indarkeria errefusatuko zuen antolakunde bat osatzea eskatu zutenean, edota 2011ko otsailean ezker abertzaleak Sortu alderdia aurkeztu zuenean.

Ziluagaren heriotzaren berri jakin bezain laster iritsi ziren lehen erreakzioak. HASIren lehen zuzendaritzan haren kide izandako Patxi Zabaletak nabarmendu zuen pertsona "oso maitagarria, hurbilekoa eta prestatua" zela. Politikoki, berriz, Ziluagak "ezkerreko ideiak oso tinko sarturik" zeuzkala esan zuen Aralarrekoak, eta "abertzaletasuna ezkerretik ikusten zuen pertsona bat" zela: "Ziluagak HBren sorreran egin zuen ekarpena oso garrantzitsua izan zen".

Francisco Letamendia Ortzi, Ziluagarekin batera, HBko kide izan zen koalizioaren lehen urteetan, eta nabarmendu zuen Ziluaga "giltzarri" izan zela HASIn eta KASen barnean.

"Urte ugari ibili gara elkarrekin, hitzaldietan, bileretan, eta urte askoko militantziak bizi izan ditugu elkarrekin", zioen Tasio Erkiziak. Ziluagak "ekarpen interesgarria" egin zuela eta "pertsona klabea" izan dela adierazi zuen Erkiziak: "Inoiz ez da izan politikari profesionala, baizik eta militante sutsua".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.