Gaur aurkeztuko dute Bildu EAk, Alternatibak eta independenteek

Hauteskunde koalizioaren irudia eta izena ofizialki ezagutaraziko dituzte, eta datorren asterako ekitaldi baterako deia egingo duteSortu legeztatzen badute hura ere Bildun egotea nahi duela esan du Urizarrek

Rafa Larreina, Pello Urizar eta Ikerne Badiola, atzo, EAk Bilbon eginiko batzarrean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
jon olano
2011ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
EAk, Alternatibak eta independente ezkertiar eta subiranistek gaur aurkeztuko dute Bildu, maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetara aurkezteko osatuko duten subjektu politikoa. Koalizioko iturriek jakinarazi dutenez, Espainiako hainbat hedabidek argitaratutako izena —Bildu— ofizialki ezagutaraziko dute, koalizioaren irudiarekin batera. Donostiako Miramar jauregian egingo dute aurkezpen ekitaldia, 11:30ean; han, datorren asterako beste ekitaldi batera deituko dutela aurreratu dute koalizioko iturriek.

Aurkezpena hasi aurretik, 200 pertsona inguruk barne bilera bat egingo dute. Ondoren, EAko idazkari nagusi Pello Urizarrek koalizioaren jatorria azalduko du. Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek subjektu politiko bateratuaren edukiak azalduko ditu, eta independente bat maiatzeko hauteskundeez mintzatuko da.

Nazio batzarren onespena

EAk eta Alternatibak, nazio batzar banatan, atzo onartu zuten Araba Bairekin eta independenteekin hauteskunde koalizio bat osatzea. Bi batzarretan ez zen koalizioa osatzearen aurkako botorik izan. Etorkizunean, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak legeztatzen badu, Sortu ere koalizioaren barruan izatea espero dute EAk eta Alternatibak, baina lehenik hura legeztatu beharra dagoela nabarmendu du Urizarrek.

Atzo egin zuen nazio batzarra EAk, Bilbon. Urizarrek adierazi zuenez, subjektu politiko berriak «legea beteko du». Izan ere, koalizioaren zerrendetan doazen hautagai guztiek bide soilik politiko eta demokratikoen aldeko «dekalogo etiko» bat sinatu beharko dutela ohartarazi zuen. Urizarren arabera, EA Alternatiba eta Araba Bairen zain dago orain, EAren batzarrak koalizioa osatzea onartu ostean. Alternatibak ere atzo onetsi zuen hauteskunde subjektu berria sortzeko aukera.

Zerrendetan, independenteak ere egongo direla azaldu du Urizarrek, baina horien presentzia ez du koalizioaren sorrerarekin lotu: « Independenteak egongo dira koalizioan, baina hauteskundeetara geu bakarrik aurkeztuko bagina ere, egongo lirateke».

Alternatibak ere atzo egin zuen nazio batzarra, eta baiezkoa eman zion maiatzaren 22ko bozetara EArekin, Araba Bairekin eta independenteekin batera koalizioan aurkezteko aukerari.

Matutek ondo ikusten du koalizioa sortzea; alderdia jaio zenetik adierazi duen borondatearekin bat datorrela azpimarratu du Matutek: «Alternatiba jaio zenetik, herri honek behar eta espero duen ezkerreko indarren bilkura bat egin ahal izatea eta gauzatzea izan da proiektu nagusia». Hauteskundeei begira indarrak batzea «lehendabiziko urrats bat» dela ziurtatu du, baina argi utzi du koalizioaren bidea ez dela hauteskundeetan amaituko: «Aldaketa sakon bat eragiteko sortutako apustu politikoa izango da». Gainera, koalizioa osatzeak ez duela Alternatiba bere ezaugarriak galtzera eramango ziurtatu du Matutek.

EAk eta Alternatibak asteartean jakinarazi zuten hauteskunde koalizio bat martxan jartzeko pausoak ematen hasiko zirela. Bi alderdien arabera, plataforma «esparru guztietako subiranista ezkertiar guztiei» irekia dago, eta subjektu politiko «abertzale, aurrerakoi eta ezkertiar» bat sortzea du helburu. Hauteskundeetarako subjektu politiko bat sortuta, EAk eta Alternatibak uste dute horrela berretsiko dituztela bi alderdiek eta ezker abertzaleak urtarrilaren 16an hartutako konpromisoak,Euskal Herria Ezkerretik akordioko konpromisoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.