Atzo hasitako sarekadarekin segituz, beste si lagun atxilotu ditu gaur goizaldean Frantziako Poliziak Lapudin: Miguel Torre Mugerren, Sofie Layus Lekuinen, Iñaki Hirigoien Larresoron, Jean Francois Ampo Senperen, Iñaki Ospital Itsasun eta 75 urteo Andre Etxegoien Azkainen. Layus dagoeneko aske utzi dute.
Atzo 11 lagun atxilotu zituzten Lapurdin, Laurence Levert Parisko epailearen aginduz, baina hamar dagoeneko aske utzi dituzte. Honakoak:
Zigor Goieaskoetxea (Miarritze)
Ortzi Idoate (Lekuine)
Luis Barriola (Angelu)
Jeronimo Prieto (Lekorne)
Gorka Haritzaga (Azkaine)
Matias Urretxu (Hazparne)
Karmele Torre (Hazparne)
Robert Arranbide (Hendaia)
Txomin Irazoki (Azkaine)
Stephane Blondel (Hendaia)
Hazparnen atzemandako Jon Irazolak Poliziaren esku segituko luke.
Polizia iturriek zabaldu dutenez, herriko tabernen aferarekin lukete zerikusia atxiloketek; zehazki, Baionako Xilko, Ziburuko Tana eta Hendaiako Kantturekin. Atxilotuen etxeetan miaketak egin dituzte, eta diru kontuak aztertu dituzte zehaztasun handiz.
Luis Barriola Baiona Ttipian dagoen Aita-Semea ostatuko jabea da. Zigor Goieaskoetxea Batasuneko mahaikidea da; Jon Irazola Batasuneko kidea. Jeronimo Prieto LABeko kidea da eta Prod'hommes izeneko egiturako hautetsia.
Atxiloketak Batasunaren herriko tabernekin lotuta daudela adierazi zion Poliziak Ortzi Idoateri, bereziki Baionako Xilko eta Donibane Garaziko (Nafarroa Beherea) Kalaka ostatuekin. Baina zenbait atxiloturi Poliziak esan die Ostape ostatuaren kontra egindako erasoak ikertzen ari direla.
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan herriko tabernen kontra poliziak egin duen laugarren operazioa izan zen atzokoa. Duela urtebete lehen operazioa egin zuen Poliziak, Kalakaren inguruan. Orduan Poliziak hiru egunez atxiki zituen itxirik ostatuko inguruak, barnean miaketak egiten zituen bitartean. Haren ondorioz, bost pertsona atxilotu zituen eta espetxeratu. Abantzu urtebetez atxiki zituzten preso.
Urrian beste operazio bat egin zuen Poliziak. 79 urteko gizon bat, Hazparneko apaiza eta kantari eta zinegotzi ezagun bat atxilotu zituen, besteak beste. Astebete geroago, urriaren 13an, Batasunak Ipar Euskal Herrian dituen arduradun gehienak atxilotu zituen Frantziako Poliziak. Hori baino lehen, Batasunarekin lotura izatea leporatuta, hainbat pertsonaren diru kontuak blokeatu zituzten, horien artean Zigor Goieaskoetxearenak, zeina atzo ere atxilotu zuten.
Sinesgarritasunik eza
Askatasunak gogor gaitzetsi du Frantziako Poliziaren sarekada. Oraingo honetan Frantziak aitzakiak bilatzeko saiorik ere ez duela egin salatu du. Frantziak Euskal Herriaren aldarrikapenei errepresio itsuaren bidez erantzun nahi diela azaldu du, herritarren artean sinesgarritasunik ez ukan arren.
Frantziaren helburua politikoa dela nabarmendu du Askatasunak, herriko tabernen inguruan sortzen den dinamika zangopilatu eta abertzaleen lan politikoa kriminalizatzea. "Azken urtean behin eta berriro salatu izan dugun Poliziaren azpijokoaren bertze atal bat baino ez da hau, eta, dirudienez, Parisko epaile bereziek euskal militanteen kontra baliatu nahi duten tresna da jazarpena".
Atxilotuak libre uzten ez dituzten bitartean, elkarretaratzeak antolatuko ditu Askatasunak.
Erasoa sindikalismoari
Ezker abertzalearen aurkako erasotzat jo ditu LABek atzoko atxiloketak. Oroitarazi du Jeronimo Prieto LABeko arduraduna dela. Prieto SCNF tren konpainiako langilea da eta parte-hartze zuzena ukan zuen sindikatuaren sorreran Ipar Euskal Herrian. Egun LABeko bozeramaileetariko bat da.
LABen iritziz, Frantziak ezker abertzalearen kontra duen estrategian kokatzen da sarekada. Sindikatuaren iritziz, Frantziak ontzat eman du Madrilek irekitako bidea. "Gero eta argiago da operazio hauen atzetik mugimendu independentistaren aurkako kriminalizazio eta jazarpen estrategia sakon eta iraunkor bat dago".
Prieto berehala libre uzteko eskatu du LABek. Atxilotuekiko elkartasuna adierazi ondoren, Frantziaren jarrera salatzeko ondoko egunetarako antolatu diren elkarretaratzeetan parte hartzera deitu ditu herritarrak eta sindikatuko militanteak.
Atxiloketak
Gaur beste sei lagun atxilotu ditu Frantziako Poliziak
Nolanahi ere, Sofi Layus aske utzi dute dagoeneko. Miguel Torre, Iñaki Hirigoien, Jean Francois Ampo, Iñaki Ospital eta 75 urteko Andre Etxegoien dira gaur atzeman dituztezten besteak. Atzo atxilotutako 11 lagunetatik hamar jada aske utzi dituzte. Atxiloketek =iherriko tabernen=i auziarekin dute zerikusia, zehazki, Baionako Xilko, Ziburuko Tana eta Hendaiako Kanttu ostatuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu