Atxiloketak

Gaur deklaratu duten zazpi donostiar gazteak libre utzi ditu Grande Marlaska epaileak

Mikel Bargas, Asier Mariezkurrena, Iker Egido, Breogan Fernandez, Igor Alvarez, Urko Pikaza eta Mireia Motxales kale erasoak egin izana leporatuta atxilotu zituzten asteartean Madrilen, euren kabuz epailearengana zihoazela. Lehen seirei seina mila euroko bermea jarri diete. Beste zortzi donostiar gazte ere atxilotu zituzten, eta epaileak kartzelara bidali zituen asteazkenean.

2007ko abenduaren 7a
17:23
Entzun
Mikel Bargas, Asier Mariezkurrena, Iker Egido, Breogan Fernandez, Igor Alvarez, Urko Pikaza eta Mireia Motxales donostiar gazteak Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionalaren epailearen aurrean deklaratzen izan dira gaur, Madrilen, kale erasoak egin zituztelakoan, eta epaileak libre utzi ditu.

Lehen seirak seina mila euroko bermepean laga ditu aske, eta astero epaitegira sinatzera joan beharko dute; Espainiako Estatutik ezingo dute irten. Motxalesi bi astean behin sinatzera joateko neurria jarri dio. Asteartean atzeman zituen Espainiako Poliziak, Madrilen bertan, euren kabuz epailearengana zihoazela.

Aitor Olaizola, Oier Lorente, Adur Fernandez, Beñat Apalategi, Imanol Bizente, Nahikari Otaegi, Ion Imanol Igal eta Urko Labaka donostiar gazteak ere atxilotu zituzten, arrazoi bera egotzita, eta Grande Marlaskak kartzelara bidali zituen asteazkenean.

Azaroaren 7an Donostian Espainiako Poliziak egindako operazioren barruan, hamabost donostiar haiek atxilotzeko agindua emanda zuen epaileak. Gazteek, Auzitegi Nazionalaren aurrean euren burua aurkezteko eskaera egin zuten, eta epaileak auzitegia irekia zen bitartean joateko erantzun zien. Hala, asteartean Madrilera jo zuten euren abokatuekin batera. Goizean, Espainiako Poliziak auzitegi alboko kafetegi batean atxilotu zituen horietako lau, eta eguerdi aldera auzitegiaren atarian atxilotuak izan ziren beste 11 gazteak.

Urriaren 30eko zein azaroaren 7ko operazioetan atxilotuen kasuan bezala, hamabost gazteoi Donostian Segiren egitura osatzea leporatzen diete poliziek. Berri agentziek zabaldutako Barne Ministerioaren tesiaren arabera, alderdi politikoen, finantza erakundeen, tren geltokien, garraio publikoen, hiri ondasunen eta segurtasun indarren aurkako erasoak leporatzen dizkiete, baita Segi erakundera kide berriak erakartzea ere.

Urriaren 30eko zazpi atxilotuak bost egunez inkomunikatuta eduki zituzten, eta haietako bosti, espetxeratzeko agindua eman ostean, beste bost egunez inkomunikazio aldia luzatu zien Grande Marlaskak. Azaroaren 7ko lau atxilotuak lau egunez eduki zituzten inkomunikatuta, eta tratu txarrak salatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.