Hamasei urte zituela Jesusen Lagundian sartu zen Lekuona eta euskal kulturan murgildu zen berehala. 1962. urtean Loiolako Herri Irratiko zuzendari izendatu zuten irratia sortu eta urtebetera eta kargu horretan aritu zen zortzi urtez, 1970ean Donostiako Herri Irratiko zuzendaritzara pasa zen arte. Bi alditan izan zen Lekuona Donostiako Herri Irratiko zuzendari: 1970etik 1989ra eta 1993tik 2002ra. 72 urterekin erretiratu zen, eta azkeneko hiru urteetan Iruñeko San Inazio ikastetxean bizi izan da.
1962an Juan Lekuona Loiolako Herri Irratiko zuzendaritzara iritsi zenean, bete-betean harrapatu zuen Fragaren legeak, OMtik FMra aldarazi zituena. Euskarazko lehen emanaldiak iritsi ziren gero. Eta, 1976an, 24 Orduak Euskaraz ekimenaren antolaketan parte hartu zuen.
Bestetik, 70eko hamarkadan Herri Irratian ibilitakoek diotenez, ez zen garai gozoa izan Lekuonarentzat Itxumendiko antena leherrarazi zietenekoa. Galtzak bete lan izan zituen trantsiziotik aurrerakoak kudeatzen.Herri Irratian aritutako hainbat kazetariren arabera, Lekuonak askatasunez lan egiten uzten zuen. Era berean, Euskadi Irratia eta beste irrati batzuk sortu zirenean, ondo hartzen zuen Herri Irratiak harrobi lana egitea kazetarientzat.
Erabakigarria, Herri Irratia COPEtik banantzeko
1989. urtean Brasilera joan zen Lekuona, teologia ikastaro bat egitera. Handik El Salvadorrera heldu zen eta bi urtez indigenekin lan egiten duen Fe y alegría erakundeko zuzendaritzan aritu zen. Esperientzia horrek eragin handia izan zuen bere bizitzan, eta ondotik goizero entzuleentzat egiten zuen komentarioetan asko hitz egiten zuen pobreetaz.
1993ko azaroan, pertsona erabakigarria izan zen Lekuona Herri Irratia COPEtik banantzeko. Euskal munduari eta Jose Maria Setien gotzainari Herri Irratiak zion errespetuak eragin handia izan zuen haustura hura ulertzeko, COPEk beste ildo bat baitzeraman. Erretiratu zenean, Lekuonaren kezka zen ea Herri Irratia kapaz izango ote zen bere nortasunari eusteko, «herriari lotuta egoteko eta fedea eta justizia transmititzeko».
Heriotza
Gaur egingo da Lekuonaren hileta
Atzo hil zen Juan Lekuona Urrutia euskal irratigintzaren bultzatzaile sutsua, Iruñean. Herri Irratiko zuzendari ohiaren hileta elizkizunak gaur arratsaldeko 19:00etan izango dira Azpeitian, Loiolako basilikan. Lekuona (Tolosa, 1928), 60ko eta 70ko hamarkadetan euskal irratigintzaren sustatzaile garrantzitsua izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu