«Askotan medikuak gehiegi oinarritzen gara teknologian eta gauza teorikoetan». Autokritika hori egin du Albert Jovell sendagileak (Bartzelona, 1972). Minbizia gainditutakoa da, eta nabarmendu du normal-normal hitz egin behar dela eritasun horri buruz. «Dena den, ulertzen ditut gaixoen beldurrak». Etikari, humanitateari eta zientziari buruz Donostian egiten ari diren elkarrizketetan parte hartu du. Bosgarren aldiz egin dira.
Gaixoei tratu gizatiarragoa eman behar zaiela diozu. Zergatik ?
Teknologiaren ikuspegitik, medikuntzak nabarmen egin du aurrera. Hori dela eta, gaixo bati kasu egiterakoan, askotan, osasun arloko profesionalak gehiegi oinarritzen gara teknologian, eta funtsezkoa den beste gauza bat ahazten zaigu: gaixoarekiko tratua. Egun jasotzen dutena baino tratu humanoagoa eta ulerkorragoa jaso behar dute; batez ere, gaixotasun larri baten berri ematen zaienean. Halakoetan ahulagoak dira, eta blokeatu egiten dira. Ulergarria da. Hori gainditzeko,funtsezkoa da gertatzen zaiena ondo azaltzea, eta hortik aurrera egingo dietena ahal den neurrian argitzea. Tratu humano eta gertuko hori jasotzen ez badute, kexa daitezela eskatuko nieke gaixoei. Eskubidea dute.
Nola lor daiteke hori?
Osasun arloko profesionalen prestakuntzan egokitzapenak egin behar dira. Izan ere, egun, medikuntza fakultateetan ez zaio ia garrantzirik ematen gaixoei eman beharreko tratuari. Apenas lantzen den gaia. Hori aldatu behar da. Gainera, funtsezkoa da kasu egiteko egungo modua aldatzea. Sistema horrek kasu askotan ez du ahalbidetzen gaixoari behar adina denbora eskaintzea. Gaixoak, gainera, sentitzen du denbora gehiago behar duela medikuarekin egoteko. Frustrazio moduko bat sortzen da. Alde horretatik, hobeto antolatu beharko litzateke osasun sistema.
Murrizketekin ez al da zailagoa izango tratu hori?
Tratuaren gaiak baino, beldur handiagoa ematen dit gaixo batzuek ez jasotzeak behar duten arreta. Argi dago osasun arloko profesionalak lan karga gehiagorekin eta baliabide gutxiagorekin badaude hori islatu egingo dela haien jarreretan. Gustura ez badaude, islatu egiten da. Lanbide guztietan gertatzen da.
Zuk minbizia izan duzu. Gertutasun falta eta beldur horiek sentitu dituzu ?
Sendagilea naizenez, ez naiz ohiko gaixo bat. Kontsultara joaten naizenean, gauza asko jakinda noa. Beraz, babes falta hori, agian, ez nuen horrenbeste sentitu. Baina garbi dago gaixo egoteko beldurra denok dugula. Gure barruan dagoen zerbait da. Ni ez naiz salbuespena. Gaixotasunen kontra badira botikak, baina beldurraren aurka, ez. Bakoitzak bere modura kudeatzen ditu beldurrak. Argi dago baikor eta animoarekin egotea oso garrantzitsua dela, eta lagundu egiten duela aurrera egiten. Baina gaixoari etengabe hori eskatzea ez da bidezkoa. Bakoitzak bere modura eramaten du gaixotasuna.
Uste duzu gizartean oraindik ere badela tabu bat minbiziaren inguruan, ez dela natural hitz egiten gaixotasun horren inguruan?
Bai, hiztegian ematen den definizioan bertan ikusten da hori. Beraz, diagnostikoa ematen zaionean, gaixoak hilarri baten gisa hartzen du. Baina nik beste mezu bat eman nahi dut: minbizia dutenen %60k aurrera ateratzea lortzen dute, eta bizi-kalitate dezentekoarekin bizitzen dira urte askoan. Jendeak gutxiago erreko balu, kopuru hori handiagoa litzateke. Badira larriagoak diren gaixotasunak, pronostiko okerragoa dutenak. Gaixotasuna normal hartu behar da, gero eta kasu gehiago baitaude. Zuzenean edo zeharka, gizonen herenari eragiten die, eta andreen laurdenari. Gaixo daude, edo inguruan minbizia duen norbait dute.
Zer esango zenieke gaixo batzuk medikuarengana behar baino gehiago joaten direla dioten horiei?
Oso oker daudela. Uste dut hori pentsatzen duten gehienak osasun aseguru pribatua duten aberatsak direla. Aseguru hori dutenez, nahi dutenean joaten dira medikuarengana. Hori dela eta, uste dute osasun publikoan berdin egiten dela. Baina argi dago ez dela horrela. Espezialista batengana joateko, adibidez, familia medikuarengana joan behar da aurrena. Errezeta elektronikoa indarrean jarri denetik, gainera, jaitsi egin da gaixo askoren bisita kopurua. Kasu askotan, errezetak jasotzera joaten ziren medikuarengana. Katalunian hori gertatu da. Orain, Alemaniaren azpitik gaude familia medikuarengana egiten diren bisita kopuruan. Alemanian ordainketa partekatu egiten dute, medikuarengana joateagatik. Horrek erakusten du ordainketa partekatuak ez duela balio gaixoak sendagilearengana ez joateko. Sistema hori ezartzeko erabiltzen duten aitzakia da.
Albert Jovell. Medikua
«Gaur egun baino tratu humanoagoa jaso behar dute gaixoek»
Eriekin izan beharreko tratuan gehiago eta hobeto trebatu behar dira osasun arloko profesionalak, Albert Jovell medikuaren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu