Prou hitzak nahikoa esan nahi du katalanez. «Nahikoa da!», esan zion izen bereko plataformak Kataluniako Parlamentuari uda hasieran, eta hark arrazoia eman zion; prou, nahiko zezen hil ditu dagoeneko tauromakiak. Katalunian zezenketak debekatzea lortu zuen herri ekimenaren buruan egondakoa da Anna Mula abokatua (Bartzelona, 1972); berak eskatu zuen parlamentuan bozketa egitea. Atzo Donostian izan zen, zezenketei buruzko jardunaldi monografiko batean, Kataluniako ekimenari buruz hizketan.
Zer moduz sentitzen zara, sinadura bilketa arrakastatsuaren ondoren?
Emaitzekin gustura, eta, oro har, pozik, baina oraindik ez gaude ezer ospatzeko moduan; lan asko daukagu aurretik. Sinadura bilketa borroka honetan jarraitzeko akuilu izan da, batez ere. Orain, animaliei ematen zaizkien beste tratu txar batzuetan pentsatu behar dugu; tauromakia guztiaren zati txiki bat baino ez da.
Zerk bultzatu zuen herri ekimena?
Ikusi genuen Kataluniako gizarteak gero eta gehiago arbuiatzen zituela zezenketak. Horrek talde moduan antolatzera bultzatu gintuen, eta gizarteak eskatzen zuenari erantzutera: zezenketen abolizioa. Horrela sortu zen Prou! plataforma.
Gizarteak bai, baina politikak ere babestu al zuen asmoa?
Alderdi politikoen aldetik ere bazegoen aurretik iniziatibaren bat edo beste, azkena 2006an, baina bozak zirela medio ezin izan zuten aurrera eraman; ez zegoen hiruko gobernuaren planen barruan. Orduan, pentsatu genuen: «Zertarako beste lau urte itxaron? Guk geuk planteatuko dugu!». Herri ekimena legeak eskaintzen duen tresna bat da, baliabide guztiz demokratikoa. Lege proposamena egin genuen, sinadurak bildu eta azkenean aurrera egitea onartu zuten; horrela, amaierako bozketa gure aldekoa irten zen arte. Nire ustez, kasu honetan, ordezkapen parlamentarioa egiazkoa izan da.
Zein baldintza bete behar ditu gizarte batek horrelako ekimen bat aurrera eramateko?
Kontzientzia hartzea bai, baina ezta izugarri ere; nire ustez, hori dagoeneko badago. Gaur egun ez dago arrazoirik animaliak gaizki tratatzeko. Gizakiok beti aurrerapen moral bati lotuta egon gara, eta orain ere horixe da gakoa, garatzen jarraitzea. Zezenketak debekatzea gizarte hobe baterako urratsa egitea da. Nire ustez, gizartea hori eskatzen hasia da, eta politikoek horri kasu egin beharko liokete.
Zein balio aldatu behar dira?
Bestearen lekuan jartzen ikasi behar dugu. Animaliak ere sufritzen duten bizidunak dira, sentitzeko gaitasuna dutenak. Justizia kontua da; animaliak gustuko izan ditzakegu edo ez, baina ematen zaien tratua bidegabea eta premiarik gabekoa da.
Zezenketak ez al dira, ba, naturalki hilko?
Guztiz konbentzituta nago ez dutela inolako etorkizunik; gizartea aldatzen ari da, eta aisirako beste modu batzuk daude, animaliak torturatzen ez dituztenak. Jende gaztea askoz sentiberagoa da, eta haientzat zezenketak etikoki onartezinak dira. Gertatzen dena da zezenketetarako diru laguntza asko ematen dela, eta horrek zenbait hamarkadaz atzera dezake haien amaiera saihestezina.
Entzierroek, ordea, arrakasta handia dute gazteen artean...
Gauza desberdinak dira entzierroak eta zezenketen industria, baina izan liteke oztopo bat, animalia berbera denez, zaila delako desberdintzea. Dena den, entzierroetan ere gaizki tratatzen dira zezenak, eta guztiz gaitzesgarriak dira; animaliek beldur handia izaten dute, sufritu egiten dute. Pixkanaka egin behar dugu aurrera; zezenketak deuseztatzea izan liteke lehen urratsa.
Zer asmo duzue hemendik aurrera?
Plataforma desegin egin da. Orain legearen jarraipen bat egin beharko da, nola garatzen den ikusteko; Auzitegi Konstituzionalak zer esan zain gaude. Eta bide batez, beste lekuetan ere mugimendu bera sustatu nahi dugu.
Zuen asmoaren aurkako ekimenak ere badira. Legea baliogabetzearen beldur zara?
Ez, horretarako egoera politikoak goitik behera aldatu beharko luke, eta ez dut uste hori gertatuko denik. Unescok zezenketak gizadiaren ondare izendatzea ere astakeria galanta da; ez du horretarako baldintza bakar bat ere betetzen, eta oposizioa handia izango litzateke. Horrela arbuiatutako zerbait ezin da gizadiaren ondare izan.
Anna Mula. Prou! plataformako kidea
«Gaur egun ez dago animaliak gaizki tratatzeko arrazoirik»
Katalunian zezenketak debekatzea lortu zuen herri ekimenaz mintzatu da Anna Mula Prou! plataformako kidea Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu