«Gaur egun torturarik ez da ia-ia». Horixe esan du Carlos Divar Espainiako Auzitegi Goreneko zein Botere Judizialeko Kontseilu Orokorreko (CGPJ) presidenteak Espainiako Kongresuko Justizia Batzordean, Iker Urbina Amaiurreko diputatuak egindako galdera bati erantzunaz. Urbinak, «Estatuko Segurtasun Indarren hainbat ekimen» zigortu gabe geratu direla salatu, eta ea Nazio Batuen Erakundeko Torturaren Aurkako kontalariak egindako gomendioak beteko dituen galdetu dio Divarri.
«Begira, gaur egun uste dut torturak ez direla ia existitzen; baina momenturen batean gehiegikeriaren bat gertatzen bada, eta hori gertatu daiteke, ez da epaileengatik izango, ez dagoelako epaileek inor torturatu duen salaketarik». Tortura salaketarik badago, auzia «dagokion bidetik» zuzenduko dela adierazi du Auzitegi Goreneko presidenteak. Herritarrek torturak salatzeko aukera dutela adierazi du, eta horri buruz auzitegiek ebazten dutela. Balizko torturatzaileentzat errugabetasun presuntzioa aldarrikatu du, hala ere. Erruduntzat jotzen direnek beren eskubideak dituztela azaldu du, eta epai finkorik egon arte errugabetasun presuntzioa bermatu behar dela.
Lehenago hasi da torturei buruzko eztabaida Kongresuko Justizia Batzordean, Divarrek Justizia independentea dela defendatu duenean. «Praktikan, guztiak ez gara berdinak Justiziaren aurrean», erantzun dio Amaiurreko diputatu eta abokatu denak.
197/2006 doktrina
Euskal gatazkari lotutako auzietan Espainiako Justizia ez dela «ez independentea ez justua» esan dio Urbinak Divarri. Amaiurreko diputatuaren hitzetan, hori are ageriago geratzen da ETAren aurkako borrokan. «Auzitegi Gorenak zigor araudia berridatzi ere egin du, terrorismoagatik zigortutako presoak ez daitezen espetxetik atera hala dagokienean, Parot doktrina ezarrita».
Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Gorenak «erakunde terroristaren interpretazioa muturreraino» zabaldu dutela ere ohartarazi du Urbinak. Eta, hori, «lan politiko eta sozial soila egiten duten ehunka pertsona atxilotzeko» egin dutela.
Auzitegi Nazionalak behin-behineko espetxealdia «neurrigabe» luzatzea ez da onargarria Amaiurreko diputatuaren ustez. Euskal presoak sarritan lau urtera arte kartzelan epaiketarik egin gabe izaten dituztela azaldu du Justizia Batzordean, eta, denbora luze horretan, ez dela ia ekinbide judizialik egiten.
Urbinaren ustez, «edozein pertsona inpartzialen begietan zalantzarik gabekoa da neurri guzti horiek bultzada politikoengatik hartzen direla, irizpide judizial soilengatik izan beharrean». Eta, bien bitartean, Estatuko Segurtasun Indarren jardunak zein iruzurrarekin lotutako delituak zigortu gabe geratzen direla salatu du. «Justiziaren balantza indartsuenen interesak defendatzearen alde dagoela dirudi».
Gaur egun ia torturarik ez dela adierazi du Carlos Divarrek
NBEko Torturaren Aurkako begiraleen aholkuak beteko dituen galdetu dio Amaiurrek CGPJ-ko presidenteari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu