Gaur emango diete amaiera Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiei. Azken egunaz ahal bezain beste gozatu, eta 01:00etan dute Zeledon agurtzeko ordua, San Migelera itzuliko baita. Ostegunean hasi ziren jaiak, eta bost egunez blusaz eta neskez bete dira kaleak.
Azken eguna izanagatik, egitarau beteaz gozatu ahal izan dute herritarrek, eskura izan baitituzte haurren abentura txokoa, eguneroko zezenketak eta bertso saioak, kontzertuak...
Jaiei amaiera emateko 23:30ean zortzi zezensuzkok eta fanfarreek hartuko dute Olagibel kalea, eta jarraian Zeledonen igoerari emango diote txanda.