hilketa tolosan

Gaur ere elkarretaratzeak egingo dituzte Tolosan izandako hilketa salatzeko

Gipuzkoako Batzar Nagusiek eguerdian egin dute agerraldia, Donostian. Arratsaldean Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo dituzte bilkurak, baita beste hainbat herritan ere. Atzo elkarretaratze jendetsua egin zuten Tolosan, 'Aski da! Indarkeria sexistari aurre hartu!' lelopean. Caridad Angeles Rodriguezen hilketa bere gain hartu du haren bikotekideak.

2012ko martxoaren 27a
13:38
Entzun

Igande gauean Tolosan (Gipuzkoa) labanaz hilda aurkitu zuten emakumearen hilketa salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte gaur ere Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan, Emakumeen Mundu Martxak deituta.

Eguerdirako Gipuzkoako Batzar Nagusiek egin dute deialdia, Miramonen. Han izan dira, besteak beste, Lohitzune Txarola presidentea, Carlos Urkixo Espainia Gobernuko EAEKo ordezkaria eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia. Tolosan izandako hilketa gaitzesteko, bost minutuko isilunea egin dute. 

Agerraldi gehienak, ordea, arratsalderako deitu dituzte. Gasteizen (20:00, Andre Mari Zuriaren plaza), Bilbon (19:30, Arriaga plaza), Donostian (19:30, Bulebarra) eta Iruñean (20:00, Udaletxeko plaza) izango dira bilkurak, besteak beste.

Atzo, Bilgune Feministak antolatuta, elkarretaratzea egin zuten Tolosan, eta udalak bat egin zuen hara biltzeko deiarekin. Ehunka herritar elkartu ziren Triangulo plazan, eta tartean ziren erakundeetako hainbat ordezkari ere: Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta beste hainbat diputatu, Lohitzune Txarola Batzar Nagusietako presidentea, Jose Luis Herrador Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako ordezkaria, Mariola Serrano Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Jaurlaritzaren Bulegoko burua eta Maria Sivestre Emakundeko zuzendaria. Aski da! Indarkeria sexistari aurre hartu! leloa izan zuen agerraldiak.

Caridad Angeles Rodriguez Arrieta hildako emakumezkoaren bikotekideak onartu du hark hil zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.