Regina Otaola Lizartzako (Gipuzkoa) alkatea (PP) gaur berriro joan da udaletxera, eta atzera polizien presentzia oso handia izan da han. Goizeko zortziak alderako ertzain eta bizkartzain ugari zeuden Lizartzako plazan, eta Otaola handik ordu eta erdira iritsi da udaletxera, bi zinegotzirekin batera.
Ertzainek aparkaleku pribatu batean utzi dituzte autoak, eta jabea haiei hori esatera joan denean, ertzain batek besoan kolpea eman dio, lizartzar batek BERRIA.INFOri adierazi dionez. Hiru gidariri isunak ere jarri dizkiete ertzainek.
Zazpi herritar udaletxera joan dira Otaolarekin hitz egin nahian, baina une batez besterik ez dute lortu harekin egotea.
Maiatzaren 27ko hauteskundeetan EAE-ANV eta PP baizik ez ziren aurkeztu, baina Espainiako auzitegiek baliogabe utzi zuten EAE-ANV. PPk 27 boto lortu zituen. EAE-ANVk, hala ere, botoa eskatu zuen eta 186 zenbatu zituen.
Otaolak eta gainerako zinegotziek (denak PPkoak) astelehenean hartu zuten kargua Lizartzako udaletxean, eta orduan ere polizia asko izan zen han.
Lizartzarrek esan dutenez, bertako umeak "ikaraz beteta" daude astelehenaz geroztik, "herria poliziaz, armaz josita ikusten ari direlako".
Gaur ere Lizartza poliziaz bete dute eta tentsioa izan da
Regina Otaola alkatea udaletxera joan da goizean, ertzain eta bizkartzain ugarik lagunduta. Herritar batek ertzainen kolpea jaso du besoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu