Gaurko datu guztiek goranzko joera dute, ospitaleratuta dauden pertsona kopurua kenduta. Hala ere, hamalau eguneko joera beheranzkoa da. Positibo guztien kopurua berriro igo da: 370 positibo atzeman dituzte (+ 219). PCR positiboak bikoiztu egin dira: 51 (+ 26). EAEn 38 zenbatu dituzte, eta Nafarroan, 13. Hamalau eguneko PCR positiboak kontuan hartzen duen intzidentzia tasak, aldiz, beheraka jarraitzen du: EAEn 26,95, eta Nafarroan 45,86. Gaurkoan biak Estatuaren batez besteko tasaren gainetik (25,71), eta Nafarroaren kasuan Madrilgo tasaren gainetik (39,74).
Hildakoen kopuruak ere gora egin du: beste 14 pertsona hil dira (+6), koronabirusaren gaitzarekin gaixotuta. Guztira, 1.932 heriotza Euskal Herrian.
Azken orduetan ospitaleratutako pertsona kopuruak ere gora egin du: 29 pertsona ospitaleratu berri dituzte (+12). Eguneko PCR positiboak eta ospitaleratu berriak alderatuz gero, ondo ulertzen ez den joera bat ikusiko dugu: gero eta PCR positibo gutxiago behar dira ospitaleratu berriak izateko. EAEren kasuan, azken hamalau egunetan 595 PCR positibo izan dira eta 433 ospitaleratu berri, hau da, 1,37 positibo ospitaleratze bakoitzeko. Nafarroaren kasuan, 300 PCR positibo eta 91 ospitaleratu berri, hau da, 3,29 positibo ospitaleratze bakoitzeko. Ratio horrek iradokitzen du kutsatu berri gehienek ospitalean sartzeko moduko larritasuna dutela, baina logikoena izango litzateke askoz positibo gehiago egotea ospitaleratzeak baino. Datu horiek gaur Koronabirusaren azken datuak albistean gehitu dugun grafiko batean ikusten dira.
Datuak alde batera utzita, haurrak eta gazteak eskola itzultzearen inguruko eztabaidak beste atal bat izan du gaur. Espainiako Gobernuko ordezkariak nabarmendu du lehen fasean ez dagoela gelak ireki haurrak eta gazteak bertan sartzeko aukera. Denis Itxasoren ustez, ez dago aurreikusita lehen faseak ikasleak geletan sartzea. Hezkuntza arloko sindikatuek protesta egin dute Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean, martxoaren 18tik aurrera ikasleak itzultzeko aukera ikastetxeen esku uzteagatik. Ikastolen Elkarteak, aldiz, jakinarazi du haren ikastoletako ikasleak ez direla astelehenean itzuliko ikasgeletara. Aurrerago irekitzeko asmoa agertu du, "benetan behar duten ikasleentzat".
Ipar Euskal Herrian, haurrak itzultzen hasi dira eskolara, osasun baldintza zorrotzekin. Konfinamenduaren ondorengo lehen eskola eguna izan zen atzo Ipar Euskal Herriko haur anitzentzat. Lehen bilana baikorra izan da.
Agian honek ere merezi du
Iraganeko muga. Espainiako eta Frantziako poliziek hartua dute Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga. Pasabide guztiak dituzte hartuak. Bi norabideetara dago Polizia, egun eta gau, hogeitalau orduz. Duela zenbait urte bezala. Alde batetik bestera igaro behar duten zenbait pertsonaren lekukotasunak jaso ditu Maddi Ane Txoperena kazetariak. Egunero, paper festa eta kontroletan galdutako denbora.
Beldurra. Zenbait kasutan irizpide murriztaileak ezarri nahian agintariak legearen aurka jokatzen ari direla uste du Askatasun Kolektiboetarako Abokatuak taldeko Aratz Estonbak. Horren adibidea litzateke etxean hamar lagun elkartzeko debekua. Irizpidea lege bihurtu nahian ari direla dio. Obedientzia beldurraren bidez lortzeko saiakera ikusten du Akab taldeko abokatuak. Beldurra zabaldu, autoritarismoa indartzeko.
Oharra: Eguneko laburpena zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, harpidetu koronobirusaren buletinera.