Herri batzarretan erabakiko dira EH Bilduk aurkeztuko dituen hautagaien zerrendak. Gaurtik aurrera egingo dituze batzar horiek, behin prozesuaren lehen fasea bukatuta. Aldi horretan hainbat izenen proposamenak egin dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan hautagai gisa aurkezteko. Bigarren fasean, behin betiko zerrendak osatuko dituzte.
Zerrendak osatzeko, izen bakoitzari emandako botoak zenbatuko dira, eta parekidetasuna bermatzeko, gizon bat eta emakumezko bat bozkatu beharko da. Herrialde bakoitzak bere zerrenda izango du.
Egun Amaiurreko diputatu diren Sabino Kuadra, Onintza Enbeita edota Xabier Mikel Errekondo ageri dira balizko hautagaien zerrendan, baita ere, aurrez erakunderen batean kargua izan duten Ander Rodriguez, Lorena Lopez de Lacalle edota Lohitzune Txarola ere. Hautagai guztien zerrenda EH Bilduren webgunean eskegi dute.
"Prozesu parte hartzaile eta garden hau abian jarrita, koherenteak izan nahi dugu herritarrei erabaki ahalmena ematen", azaldu dute Oscar Matute eta Nekane Perez EH Bilduren eledunek.