Koronabirusarekin kutsatutako gaixoen datuak eguneratu ostean, Nafarroako zenbait herritako neurriak moldatuko ditu Nafarroako Gobernuak. Asko dira kutsatuen igoeraren ondorioz itxitako herriak. Joan den ostiralean itxi zuten, adibidez, Funes, eta maiatzaren 7ra arte egongo da horrela, perimetralki itxita.
Cadreita udalerriari dagokionez, itxiera perimetrala luzatu zuten joan den astean, eta, neurri hori moldatuta, ostegunera arte egongo da itxita, egun hori barne. Arbizu, Etxarri Aranatz, Lodosa eta Alesbes herrietan ere apirilaren erdialdean zorroztu zituzten mugimenduari dagozkion neurriak, eta, printzipioz, ostegunera arte mantenduko dituzte horrela. Helbide honetan kontsulta daiteke herriz herriko egoeraren mapa.
Kutsatuen beheranzko joera Arguedasen
Txanponaren beste aldean, bada joan-etorrien mugak arindu zaizkion herririk. Arguedas udalerriaren kasua da hori; izan ere, gauerdian amaitu da udalerri horren itxiera perimetrala, eta gaurtik berriz ere lekualdatzeko eta askatasunez mugitzeko aukera izango dute arguedastarrek.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, azken egunotan nabarmen murriztu da birusaren eragina Arguedasen –2.300 biztanle inguru ditu–, eta datuek hobera egin dutela ikusita hartu dute neurriak malgutzearen erabaki hori. 100.000 biztanleko 3.829 kasu zituen lehen Arguedasek, eta, perimetralki itxi eta 14 egunera, 484 kasu ditu gaur. Helbide honetan kontsulta daitezke Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako positibo berrien eta bestelako datuen grafikoak.