Iristen lehenak Ceutako eta Melillako harrera zentroetan dauden 16 siriar dira. Espainiako Gobernuak eta Gurutze Gorriak egindako akordio baten bidez iritsiko dira errefuxiatu horiek Nafarroara.
Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bozeramaileak asteazkenean esan zuenez, asko dira errefuxiatuen auzian laguntzeko prest dauden herritarrak; orain arte 304 telefono dei jaso dituzte.
Datozen asteetan Nafarroara hel daitezkeen errefuxiatuak hartzeko prestatzen jarraitzen du Nafarroako Gobernuak, udalekin, gizarte eragileekin eta lagundu nahi duten herritarrekin.
Gipuzkoak, Arabak eta Bizkaiak hartzekoak dituen errefuxiatuen etorrera, aldiz, atzeratzen ari dela-eta kezka agertu du Angel Toña sailburuak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Bere ustez, atzerapenaren ondorioz baliteke errefuxiatuak hartzeko herritarrek agertu duten prestutasuna ahultzea.