Joan den udal eta foru hauteskundeetan zerrendarik aurkeztu ez zen herrietan eta egoera berean dauden Nafarroako kontzejuetan hauteskundeak egingo dituzte gaur. Hala, maiatzaren 22an hauteskunderik izan ez zen Nafarroako herrietan bigarren aukera izango dute gaur. Nafarroako Gobernuak erabaki zuen hauteskunde horiek Gorteetarako hauteskundeen egun berean egin behar zirela. Hortaz, Gorteetarako hauteskundeetarako botoa eman ez ezik, Nafarroako hainbat udal eta kontzejutako ordezkariak ere aukeratuko dituzte. Zehazki, 21 udalerritan eta 38 kontzejutan beren ordezkariak hautatuko dituzte gaur. Kontzejuetan egindako hauteskundeekin hainbat postu bete nahi dira: kontzeju irekiaren erregimenean zuzendu behar diren kontzejuetako lehendakariena eta lehendakariak nahiz batzordekideek osatutako batzorde baten bidez zuzendu eta administratu behar diren kontzejuetako batzordeena. Udal hauteskundeak egingo diren zenbait udalerritan, berriz, hautagaitza bakarra aurkeztu da. Esaterako, Arbizun, Lakuntzan, Iturenen eta Iturmendin Bildu koalizioa bakarrik aurkeztu da, eta Garinoain eta Lukinen Derecha Navarra y Española. Haientzat izango da, beraz, alkatetza.
Hala ere, gaurkoan Nafarroako beste zortzi udalerri eta 89 kontzeju osatu gabe geratuko dira, maiatzeko udal hauteskundeetan gertatu zen bezala, oraingoan ere hautagaitzarik ez delako aurkeztu.
Gaur udal eta kontzejuetako bozak izango dira Nafarroan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu