Gaur egungo trenbidearen gaitasuna gainditu arte Lapurdin ez dela AHT bide berririk eginen adierazi du Jean Louis Borloo Frantziako Ingurumen ministroak Bordelen (Frantzia). Frantziako Hego-mendebalde Handiko tren egitasmoa deritzon proiektuaren lan batzordean egin ditu adierazpenak. Bilkura horretan AHT bide berriak ikertzeko egitasmoa onartu dute, mila metroko zabaleran. Hala ere, Borlooren hitzek harridura eragin dute.
Atlantikoko AHT xedea egin ahal izateko Lapurdiko bide berriak funtsezkoak zirela zioten orain artean Frantziako Gobernuak eta tren azpiegitura kudeatzen duen RFF konpainiak. Orain gaurko bidea betetzea aipatzen duelarik, ñabardura garrantzitsua egin da. Izan ere, Suitzako adituek eta Citek konpainiak egindako ikerketen arabera, ez dago bidea betetzeko arriskurik bederen 2060ra arte.
Borlook ez du erran bidea eginen ez denik. Egungo bidea betetzean egingo litzatekeela erran du, azalduz parterik handiena lurpetik pasarazteko nahia. Aldiz, ez du erran geldirik egonen direnik bidea bete arte. Alderantziz. Ikerketei argi berdea eman die, eta xedea gauzatzeko mila metroko eremua finkatu du. Ikerketek aitzina eginen dute, eta Lapurdin izan ezik, lanak burutzeko prozedurak bere horretan atxikiko dira.
Borlooren hitzek bide berrien beharra indartzen dutela adierazi du Christian Maudet RFFko xede zuzendariak. «Bideak beterik egonen direlarik dio; beraz, ez dela xedea baztertzen, eta beharrezkoa izanen delarik eginen dela».
Borlooren hitzetan aldaketarik ez dagoela adierazi du Victor Pachonek, ingurumenaren alde diharduen CADE elkarteko presidenteak. «Argi erran du Frantziako Gobernuak ez duela baztertzen AHT bide berrien xedea, eta guk borrokan segituko dugu hori bertan behera utzi arte». Borlooren hitzek euskal herritarrak desmobilizatzea nahi dutela salatu du. AHT xedea salatzeko asmoz, abenduaren 11rako manifestaziora deitu du CADEk.
Gaurko bidea bete arte Lapurdin ez dela AHT biderik eginen adierazi du Borlook
Desmobilizazioa lortzea dute xede Frantziako Ingurumen ministroaren hitzek, ekologisten arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu