EPPK-ren bitartekarien kontrako operazioa

Gaurko manifestaziorako baimena eman du Andreu epaileak

Espainiako Auzitegi Nazionalak baimendu egin du arratsaldean egitekoa den manifestazioa. Dignidad y Justicia eta AVT biktimen elkarteek eskatu dute debekatzeko. EPPKren bitartekariei babesa agertzeko manifestazioa 19:30ean abiatuko da Bilboko Santiago plazatik.

2014ko urtarrilaren 24a
15:31
Entzun

Joan den astean AVTk eta Terrorismoaren Biktimen Babeserako Taldeak egin zuten modura, Dignidad y Justicia taldeak ere EPPKren bitartekarien alde gaur Bilbon deituta dagoen manifestazioa debekatzeko eskatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean, manifestazioan «terrorismoa goratuko» dela argudiatuta. Debekatzeko arrazoirik ez du ikusi, ordea, Fernando Andreu epaileak.

Guardia Zibilak urtarrilaren 8an atxilotu zituen EPPKren bitartekari taldeko zortzi kideei babesa agertzeko eta aske uzteko eskatzeko, haien senide eta lagun talde batek gaur arratsalderako antolatu du manifestazioa Bilbon. Santiago plazatik irtengo da, 19:30ean.

Joan den astean, AVTk eta Terrorismoaren Biktimen Babeserako Taldeak Auzitegi Nazionalera igorri zituzten debeku eskaerak, manifestazioan «terrorismoa goratuko» dela eta biktimen memoria irainduko dela argudiatuta. Eskaera horri batu zaio orain Dignidad y Justicia elkartea, eta deialdia debekatzeko ez ezik, epaileari eskatu dio manifestazioari buruzko txostenak «berehala» egiteko ere eska diezaiela Ertzaintzari, Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari.

Dignidad y Justicia elkarteak auzitegira bidali duen idatzian salatu du «ETAren inguruak ordenamendu juridikoa eta zuzenbide estatuaren askatasunak» baliatzen dituela biktimak umiliatzeko eta «terrorismoa goratzeko». Hala, gaurko manifestazioa debekatzeko eskatu du, iritzita presoen argazkiak erakutsiko direla bertan eta hainbat delitu egingo direla, tartean, desobedientziarena eta justiziari oztopo egitearena. Dioenez, beste hainbat ekitalditan ere delitu zantzurik eta debekatzeko arrazoirik ez da ikusi hasiera batean, baina gero «argi» geratu da «terroristen» argazkiak erakusteko eta ETAren aldeko oihuak botatzeko ekitaldiak izan direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.