GAURKOA. Arrazakeriaren horma

Ijitoen kanporatzeak gogoan, Sarkozyren aldeko kartel bat ezarri dute Zugaztietan bizitzen jarritako ijito familiaren etxearen atzean. Jadanik urte eta erdi daramate auzoan, baina jazarpenak segitzen du orain ere.

Garikoitz Goikoetxea.
Trapagaran
2010eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Garai bateko meatzeen lekuko isila da Zugaztieta (Trapagaran, Bizkaia). Jaiegunetan bake bila joateko lekua dirudi. Aldapa malkartsua igota, atsedenean dago ingurua, belazez inguratuta eta Bizkaiko Meatzaldea begi bistan duela. Ordea, gutxi du baketsutik eta atsedentsutik. Herri sarreran bertan, oharra bisitariari: ijitoen eta etorkinen aurkako kartelak, eta «soluzio» eskariak Eusko Jaurlaritzari eta Trapagarango Udalari. Aurrera, eta gehiago, eta gogorragoak. Herriko plazako zuhaitz guzti-guztiek dute mezua. Parasito sozialik ez, dio batek. Eta, herriaren albo bateko etxebizitza baten atarian, ijitoen aurkako arrazakeriaren adierazpen nagusia: Sí, sí, sí, que venga Sarkozy (Bai, bai, bai, etor dadila Sarkozy). Ijitoak kanporatzearen aurkako neurriengatik goratu dute Frantziako presidentea, eta herrian bizi den ijito familia bati etxe aurrean bertan jazarri.

Aski dela. Hori esan eta esan ari dira ijito elkarteak. Urte eta erdi bai baitu aferak. Bizilagun talde batek dio «gatazkatsua» dela familia, nahiz etaez duten horren froga bat ere aurkeztu. Batzuek, «gero eta gutxiagok», egunero segitzen dute familiaren etxe aurrean biltzen. Hala diote inguruan dabiltzan hiru andrek. «Dagoen hotzaren arabera, gehiago edo gutxiago egoten dira», diote. Etxepe batean, han dauzkate aulkiak gordeta.

Kontuak baretua zirudien azken hilabeteetan, baina Sarkozyri buruzko kartelak hauts handia harrotu du. Ezinegona eragin du, baita herritarren artean ere. Azken batean, ijito familia jakin baten aurkako jazarpena orokortu egin dutelako. «Min oso handia eragin du kartel horrek. Ideologia nazia da hori». Gaia oso gertutik ari da bizitzen Valentin Jimenez, Iniciativa Gitana elkarteko presidentea. Zugaztietan beste ijito familia batzuk ere bizi dira, eta, orain arte, protesta egiten duten bizilagunek ez zituzten horiek begitan hartu. Kontuak aldatu dira orain: «Iraingarriak eta arrazistak dira kartelak. Orain, gainera, Errumaniako ijitoak ez ezik, bertakoak garen ijitoak ere sartu nahi gaituzte hor», adierazi du Jimenezek.

Negoziazioak, ezbaian

Ijitoen aurkako jazarpen handia dela eta, auzitegietan pilatuta daude salaketak; horietan ageri dira dozenaka herritarren izenak, eta Trapagarango alkatearena eta alkateordearena. Egoera bideratzeko, bere burua eskaini zuen Barakaldoko Auzitegiak (Bizkaia), bitartekari modura. Ordea, oraingoz, urrun dago adostasuna, eta Jimenezek uste du horren ondorio dela kartela.

Iniciativa Gitanako buruaren arabera, hiru hilabete eman dituzte hizketan. «Hirugarren bileran, eskatu genuen kentzen hasteko etxe atzeko kartelak, borondate oneko keinu gisa». Beste eskari batekin jaso zuten erantzuna: «Salaketak kentzeko eskatu ziguten, eta haiek kenduko zituztela kartelak». Hori ez dute begi onez ikusi elkarteko kideek; Jimenezek dio auzitegira zuzenean joko luketela kartelak kentzea soilik nahiko balute. «Guk nahi duguna da haiek keinu hori egitea». Bidezko jo ez arren, ijito familiek eskaintza onartu zuten, neurri batean: «Salaketak kentzea eskaini dugu, hiruren aurkakoak izan ezik: Trapagarango alkatearen, alkateordearen eta Iñaki Zamarriparen kontrakoak, hain zuzen». Protestan ari diren bizilagunen eleduna da Zamarripa, eta Jimenezek dio hura dagoela iskanbilen atzean. «Haren kontrako salaketa ez kentzeari eman dion erantzuna da Sarkozyren aldeko kartela». Egoera ikusita, astelehenean egitekoa zuten bilerara ez ziren joan ijitoen ordezkariak. Ordea, elkarrizketarako ateari zabalik eutsi nahi dio Jimenezek.

Eta hor segitzen du kartelak, ijito familia jazarriaren etxe atzean. Inguruan zebiltzan emakumeek bazuten atzo itxaropena, Ertzaintzaren bi auto inguruan ikusita. Kartelen berri hartu zuten, baina ez kendu. Trapagarango Udala ere jakitun da. «Ez du ezertxo ere egin». Bitartean, gogoeta utzi du Jimenezek: «Kartel horiekin hazten ari diren gaztetxo horiek zer ikasiko dute?».



Datazdata

2008ko urria. Jaurlaritzak erabaki zuen Zugaztietan dituen etxe babestuetan lekua egitea familiari, Sestaon zuen etxea eraitsi zutelako. Herritarren protestak hasi ziren.

2009ko apirilaren 1a. Familia etxebizitzara sartu zen. Bizilagunekin istiluak izan ziren: gizarte langile bati eraso zioten. Biharamunean, joan egin zen sendia, «segurtasun ezagatik».

2009ko maiatzaren 4a. Trapagarango Udalak erroldatu egin zituen familiako zazpi kideak, ordura arte zailtasunak jarri bazituen ere.

2009ko maiatzaren 11. Familia etxean jarri zen, Ertzaintzak babestuta. Herritarrak protestan aritu ziren. Sabotajeak egin zituzten. Auzitegietan dago istilu haien auzia. Ordutik, herritar talde bat egunero biltzen da etxe aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.