Laborde maisua da Ormaetxearentzat, Arteagarentzat eta haiekin batera ehizatu ohi duten beste hiru lagunentzat. «Adinean aurrera noa, baina ehizak poz handiak ematen dizkit. Sasoiko nagoen bitartean jarraitu egingo dut. Ahal bada hiltzen naizen arte». 08:30 inguruan iritsi ziren Belkoain menditik gertu dituzten sei postuetara-hiru lurrekoak eta hiru altueran jarritakoak-. Inguruko mendietatik jada entzuten zirentiro hotsak.Ehiztari gehienek hasieratik aprobetxatu nahi izan zuten aurtengo ehiza garaia.
Haiekin batera zihoan Eder, bi urteko txakur jostalari, bizkor eta geraezina. «Oso gaztea da, bi urte ez ditu bete oraindik. Lehen urtea da usotara ekartzen dugula. Pixkanaka joango da ikasiz, oso bizkorra da eta», zioen Ormaetxeak. Txakurraren jabea izanik, haren inguruan zebilen uneoro txakurra, saltoka. Hori bai, ehiztariek eskopetak prestatzean, adi-adi jarri zituen ikusmena, usaimena eta entzumena, haiei laguntzeko.Atzo, ordea, ez zuen lan askorik izan. Birigarro, uso eta antzargutxi batzuk baino ez ziren igaro, eta gehienak oso altu. «Hego haizea behar dugu, horrek erakartzen baititu hegaztiak mendi ingurura», zioen Labordek. Saiatu, saiatu ziren, eta tiro saio batzuk egin zituzten. Une horietan isiltasuna eta arreta ziren nagusi. «Trebetasuna behar da tiro egiteko, eta hori pixkanaka lortuz joaten da. Eskarmentu kontua da», zioten denek. Baina alferrik izan zen
Hegazti askorik ez zebilenez, lagun giroan eta solasean eman zuten goiza. «Ehizak ere badu hori. Lagunarte ederrean egoten gara, eta naturaz gozatzeko aukera ere ematen digu», nabarmendu zuen Labordek. Baina tripa zorriek ez dute barkatzen, eta 11:00k gerturatu ahala mokadutxoa egiteko garaia iritsi zen. Atzorako aukeratutako menua sei arrautzekin egindako patata, urdaiazpiko eta haragi xehe tortilla; eztarria bustitzeko, aldiz, ardoa eta ura. «Gaurkoan izan dugu hamaiketakoa egiteko tartea, baina hegaztik asko dabilenean ez dugu ezta mokadutxoa egiteko tarterik ere hartzen», gaineratu zuen taldera batu zen Aitor Barandiaranek.
Arduraz jokatzeko beharra
Ekologisten kritikez galdetuta, Labordek hartu zuen hitza. «Ehiztari guztiak ezin gaituzte zaku berean sartu. Bidegabea da hori. Garrantzitsuena zentzuz eta errespetuz jokatzea da. Guk, adibidez, sekula ez diegu tiro egingo babestuta dauden espezieei. Gainera, tiro egin ostean kartutxoak jasotzen ditugu, eta ingurua garbi uzten. Eskopetarekin, berriz, adi ibili behar da. Erabiltzen ez bazaude kargatu gabe egon behar du». Beste batzuek, ordea, ez dutela hala jokatzen salatu zuen. «Igarotzen den edozein hegaztiri egiten diote tiro. Horiek ez dira ehiztariak, eskopetadunak bizik».
Hala, «oso egokiak» iruditzen zaizkio aldundiek ezarri dituzten kontrol sistemak. Gipuzkoako Foru Aldundiak, adibidez, kontrola jarri du oilagorren ehizan. Gehienez hiru ehizaki eraman ahal izango dituzte. Federatzearen garrantzia azpimarratu zuten. «Seguru bat ziurtatzeaz gain, federatzen denak arauak errespetatzeko konpromiso bat erakusten du. Federatzen ez diren gehienak, konpromisorik ez dutelako da».
Bazkalordua iritsi zenean egin zuten etxerako buelta. Ehizarako egun aproposa izan ez arren, pozik zeuden igarotako goiz-pasarekin. Lanak eta bestelako eginbeharrekoek uzten badiete, hurrengo egunetan berriro itzuliko dira. Izan ere, aurtengo ehiza garaia urtarrilaren 31ra arte izango da.
Ehiza garaia
Hasiera:Nafarroan orain bi aste hasi zen ehiza denboraldia, urriaren 1ean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, atzo.Lizentzia kopurua: Hego Euskal Herrian 65.000 lagunek dute ehizan jarduteko lizentzia.
Webgune interesgarriak:www.accazalava.es.;www. fedecazagipuzkoa.com;eta www.fncaza,com.