GAURKOA. OROIMENAREN IZARREN AUTOBUSA. Bidaia oroimenera

'Izarren argia' filmaren harira, memoria historikoa berreskuratzeko helburua duen autobusa jarriko dute martxan gaurtik aurrera. Herriz herri joango da, eta frankismoak hildako herritarrei omen egingo die.

Garikoitz Goikoetxea.
Bilbo
2010eko urriaren 16a
00:00
Entzun
«Ez negarrik egin; egin behar duzuena gu ez ahaztea da». Ahanzturaren aurkako oihu apala egin zien Anita Morales Saturrarango kartzelan (Mutriku, Gipuzkoa) hiru urtez preso egondakoak Izarren argia filmaren arduradunei. Filma egiteko informazioa biltzen ari zirelarik, haren bizipen gogorrak entzutera joan ziren, eta hunkitu egin ziren. 1936ko gerraren ostean, hiru urte eman zituen hondartza ondoko kartzela gogorrean Moralesek, seme txikiarekin batera. Beste 4.000 andre eta ume ere han ziren. Oraindik argitzeko dago horietako zenbat eta zenbat hil ziren. Espetxe haren gogorra ardatz duela, datorren astean dute estreinatzekoa Izarren argia filma. Ordea, pelikularen harira, beste pauso bat eman nahi izan dute arduradunek; gerra garaiko eta osteko triskantzen oroimena berreskuratu asmo dute Euskal Herriko hainbat herritan, eta autobus bat jarriko dute martxan: oroimenaren izarren autobusa.

Filmaren osagarri da, nolabait, autobusa. «Beste hainbat errealitate daude zabaldu behar direnak eta aukerarik izan ez dutenak», dio proiektuaren arduradun Egoitz Rodriguezek. Xede bera dute pelikulak eta autobusak: memoria historikoa berreskuratzea. «Errealitateak, historiak eta egiak zabaldu nahi ditugu». Zineman eta plazan.

Izarren argia filmaren irudi handi bat ageri du autobusak -horren bidez, herriz herri emango dute filmaren berri-, eta, ondoan, zerua irudikatu dute. Hori baliatuko dute oroimenerako bidaia egiteko. Herri bakoitzean gai jakin bati erreparatuko diote, eta horren arabera egingo dituzte izarrak. «Frankismoak eraildako pertsonen izenak idatziko ditugu izartxoetan, eta autobusean irudikatutako zeruan itsatsiko ditugu», azaldu du Rodriguezek. Baina ez dituzte herrian hildako guztien izenak itsatsiko -«hamahiru herritara joan behar dugu, eta ezinezkoa da haietan hil zituzten guztien izenak jartzea»-; soilik herri horretan landutako gaiaren harira hilen izenak idatziko dituzte.

Taldeekin elkarlanean

Proiektua bera bai, baina haren atzean dagoena nabarmendu du Rodriguezek, autobusaren arduradunak. «Lehen mementotik egon gara harremanetan memoria historikoa berreskuratzen ari diren elkarteekin. Azkenean, haiek dira horrelakoak egitea gehien nahi dutenak».

Lau Haizetara Gogoan plataformako kideak izan dituzte laguntzaile, besteren artean. Haiek lagundu diete bilatzen autobusak geldialdia egiteko herriak, eta leku bakoitzean landu beharreko gaia aukeratzen ere bai. «Antolatuko ditugun ekitaldi guztietan zuzeneko testigantzak izango ditugu: hura zuzenean pairatu zutenena, edo haien hurkoena». Azken batean, filmaren helburu bera bete nahi dute testigantza horiekin: garai hartan bizitakoaren berri zabaltzea. Elkarteen bidez lortu dute ekitaldi guztiak taxutzea. «Indarrak batzen joan gara», esan du Rodriguezek. Lehen ere aritu dira elkarrekin; besteak beste, Izarren argia pelikularen gidoia egitean.

Filma estreinatu baino lehen dute abiatzekoa ekimena, gaur arratsaldean. Hasierako asmoa zuten Saturrarango kartzela zegoen lekuan bertan egitea ekitaldia, baina, eguraldia gorabehera, Ondarroako kafe antzokian batuko dira (Bizkaia). Mutrikuko eta Ondarroako haurrek egindako eskutitzak irakurriko dituzte, eta izango dira musika, dantza eta poesia ere. Gero, autobusean bertan joango dira Saturraranera. Hiru asteko itzulia Gernikan (Bizkaia) amaituko dute, azaroaren 6an. «Saturraranen hasitakoa sinbologia handieneko herrian amaituko dugu», dio Rodriguezek. Eta, tartean, hilaren 22an, Izarren argia filma estreinatuko dute.



Egutegia

Urriak 16. Ondarroan eta Mutrikun egingo dute gaur ekitaldia, Saturrarango umeei buruz.

Urriak 17. Hernanin, Lau Haizetara Gogoan taldearen ekitaldi batean.

Urriak 21. Arrasaten eta Aretxabaletan. 16 pertsona fusilatu zituzteneko urteurrena da.

Urriak 22. Bilbon. Egun horretan estreinatuko da Izarren argia.

Urriak 23. Irun: kontzentrazio esparruei buruz hitz egingo dute.

Urriak 24. Martxoaren 3ari buruz ariko dira Gasteizen.

Urriak 25. Sestaon, lapurturiko umeak izango dituzte hizpide.

Urriak 28. Iruñea. Talde asko batu zaizkie.

Urriak 29. Durangon elkartuko dira.

Urriak 30. Sartagudan, alargunen inguruan.

Azaroak 4. Legazpin izango da.

Azaroak 5. Elgoibarren eta Eibarren.

Azaroak 6. Gernikan egingo dute azken ekitaldia, bonbardatzeari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.