J. etxebarria - I. astiz
Gune horrek lokalaren %30 har dezake gehienez. Hori dio Espainiako Gobernuak urte hasieran indarrean jarri zuen legeak. Atzo zen erreformak amaitzeko azken eguna, baina baldintza hauek betetzen dituzten lokal gehienek oraindik ez dituzte erretzaile eta ez erretzaileentzako guneak bereizteko berritze lanak egin. Horren ordez, eta isunak saihesteko, trikimailuak erabili dituzte batzuek. Adibidez, bezeroentzako lekua murriztu dute, biltegiak handituz. Hala, leku publikoa 100 metrotik beherakoa izango da eta ez dute gune berezirik egin beharko.
Madrilen jarrera kontraesankorra dela salatu dute ostalariek. Izan ere, Elena Salgado Osasun ministroak iragarri du balitekeela geroan guztiz galaraztea taberna eta jatetxeetan erretzea. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak legedia garatzearen zain daude ostalariak.
Eusko Jaurlaritzak argiago jokatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Izan ere, aipatutako erreforma horiek kostu handia eragin diezaiekete jabeei. Alferrikako gastuak saihesteko, irizpide garbiak ezarri behar ditu Madrilek, Javier Madrazo Gizarte Gaietarako sailburuak adierazi duenez.
BERRIA erreformak egin dituzten Bilbo eta Iruñeko jatetxeetan izan da, hartu dituzten neurriak ezagutzeko.
Henao 40 Garagardotegia
Erretzaileentzako gune atsegina
Gehiengoa ez diren arren, zenbait taberna eta jatetxe jabek egin dituzte erreformak euren lokalean erretzaile eta ez erretzaileen arteko guneak bereizteko. Erreformak egin dituzten horien artean, Henao 40 garagardotegiko jabea den Jesus Maria Cendon dago. «Aireztatze zerbitzuak jadanik jarri ditugu». Hala ere, bi guneak ez ditu fisikoki bereiziko eta erretzaileak gustura sentiarazteko neurriak hartuko ditu: «Saiatuko gara erretzaileentzako gunea gehiago hobetzen, atzerritik ekarriko ditudan sofa batzuk gune horretan ipiniz, zonalde hau girotuko duen diseinu berezi bat eginez... Izan ere, gauza berritzaileak egin behar dira erretzaileak gure lokaletara etortzeko. Bestalde, esan behar dut inor kexatu arte ez dugula gune hau fisikoki itxiko».
Erretzaileen Legearekin ez dagoela batere ados adierazi du Henao 40 garagardotegiko jabeak. «Nik ez diot inori esango nire jatetxean ez erretzeko. Bakoitzak jakingo du zer egin behar duen eta zer ez. Gainera, Iñaki Azkunak [Bilboko alkatea] esan du Udaltzaingoak ez duela kontrolatuko 100 metro koadro baino gehiagoko jatetxetan erretzen den edo ez. Bada, Udaltzaingoak ez badu kontrolatzen, nik ez dut beraien lana egingo».
Rumbos kafetegia
Lasai dauden bakarretarikoak
Asko dira 100 metro koadrotik gorako taberna eta jantokiak Nafarroan. Gutxik dute, ordea, irailetik aurrera legezkoak izango diren ziurtasuna. Iruñeko Rumbos kafetegia da bakar horietako bat. Victor Vital kafetegiko arduradunetako batek azaldu duenez, legea atera baino lehen jada taberna bi zatitan zuten banatuta. Zati bakoitzak, gainera, bere aire girotu makina zuen, eta gutxi kosta zaie legaren eskakizunetara egokitzea. «Ez dugu bi zatien artean ate bat jarri besterik egin behar izan». Alde bat erretzen ez dutenentzat, eta bestea erretzaileentzat.
«Hainbatek galdetu digu zenbat kostatu zaizkigun lanak, laguntzarik eta abar ez dagoelako, baina guri ez zaigu ezer kostatu, ez dugu arazorik izan. Lanak egin behar dituztenentzat, aldiz, kostu handia izan daiteke aldaketak egin beharra, baina ez da gure kasua».
Halere, ulertzen du gainontzeko ostalariak kezkatuta egotea. «Haientzat gogorra izango da, ez dago eta batere ziurtasunik lanak egiteko. Diotenez, baliteke, denbora gutxira erretzea erabat debekatzea, eta orduan eraberritze lanek urte gutxi batzuetarako besterik balioko ez luketenez, ez luke merezi izanen ezer egitea».
Horregatik, batzuek lokala bitan banatzeko gastuari aurre egin beharrean, 100 metro koadro baino txikiagokoa egin dute. Bulegoak eta biltokiak handitu dituzte, horretarako.
Legeak dioenez, 100 metro koadro baino txikiagoak diren lokaletan jabeak aukeratzen du lokalean erretzen uztearen edo ez uztearen artean. Hori dela eta, askok nahiago izan dute mahai batzuk eta metro batzuk sakrifikatu, urte batzuen buruan alferrikakoak izan daitezkeen moldaketei aurre egin baino.
Gizartea
Gaurtik gune bereziak beharko dira erretzaileentzat
Tabakoaren kontrako legearen ondorioz, 100 metro koadro baino gehiago dituzten taberna eta jatetxeek erretzaileentzako gunea prest izan beharko lukete gaurko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu