Donald Trump. Artea

Gauzak salatzeko artea

Donald Trump AEBetako presidentegai errepublikanoaren eskultura biluziak egin ditu Indecline artista kolektiboak, eta AEBetako zenbait hiritan ezarri dituzte.

Indecline taldeak egin duen Trumpen eskultura biluzietako bat, San Francisco hirian (AEB). EUGENE GARCIA / EFE
Ane Zuazubiskar Iñarra.
2016ko abuztuaren 19a
11:56
Entzun

Artea kalera atera eta salaketarako erabiltzeak egin du ezagun AEBetako Indecline artista anarkisten kolektiboa. Donald Trump AEBetako presidentegai errepublikanoaren eskultura biluziak egin dituzte kideek, eta AEBetako bost hiritako leku ezagunetan jarri.

Giza tamainako eskulturak dira: sabelalde lodia, ile horia, eta barrabilik ez dute. The Emperor Has No Balls(Enperadoreak ez du barrabilik) izena jarri diote ekintzari. New Yorken jarri dute horietako bat, Union Square plazan; baina erretiratu egin diete handik gutxira.

Ez da kolektiboak Trumpen aurkako arte ekintzak egiten dituen lehen aldia. Duela hilabete batzuk, Trumpen aurkako grafiti bat egin zuten Tijuanan (Mexiko), AEBen eta Mexikoren arteko mugan, hark migratzaile mexikarren kontrako adierazpenak egin ostean.

Kolektiboko kideek maiz egin dituzte auzi politiko eta sozialak salatzeko arte ekintzak: multinazionalak, Polizia, gobernua eta Trump bera dituzte jo puntuan. Hollywoodeko ospearen pasealekuan egin zuten azkenetakoa, orain dela hilabete gutxi. Poliziak hildako herritar beltzen izenak itsasi zituzten izenik ez duten izarretan; besteak beste, Freddie Grey eta Charlie Brown gazteen izenak. Black Lives Matter (Beltzen bizitzek axola dute) izena jarri zioten instalazioari. Haiena da inoiz egin den grafiti ilegalik handiena ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.