Gay eta lesbianen ezkontzak salatu ditu Frantziako Elizak

Gotzainen artean agiri bat banatu zuten atzoko mezetan irakurtzeko, eta harekin bat egin du Baionako apezpikuak

Baionako San Andreseko elizan, meza. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Inplizituki erran baldin bada ere, gay eta lesbianen aurkako jarrera argia agerrarazi du Frantziako apezpikuen egiturak. Atzo, agorrilaren 15aren kari egindako mezetan irakurri beharreko otoitza bat pasarazi zieten egiturak apezpikuei eta azken horiek apezei. Dena dela, tokian toki erabaki zuten apaizek mezua irakurri edo ez. Ipar Euskal Herriko eliza batzuetan irakurri baldin bazuten ere, guztiek ez zuten bete eskatutakoa. Marc Aillet Baionako apezpikuak bat egin du mezu horrekin, eta usu gogorki mintzatu da gay eta lesbianen eskubideen aurka.

Honela diote apezpikuek, besteak beste: «Haur eta umeentzat otoitz egin dezagun, helduen desira eta gatazken objektu ez daitezen izan, aita baten eta ama baten amodioa ukan ahal izateko osoki». Gisa horretako pasarteek polemika handia sortu dute. «Gizartearen bilakaerari egokitzeko ezjakintasuna agertzen da, errealitatetik erabat deskonektatua da Eliza», dio Beñat Gachenek. Les Bascos elkartekoa da, gay eta lesbianen eskubideen alde ari den elkartekoa, hain zuzen.

Homosexualen ezkontza eskubidea dakarren legea bozkatuko dute parlamentariek datorren urtean. Horren aurka ere hedatu du mezua apezpikuen egiturak: «Berriki gobernatzeko eta legea egiteko hautatuak izan direnentzat otoitz egin dezagun, ororen ongiaren aldeko zentzuak gaina har diezaien eskaera bereziei eta haien kontzientziaren adierazpenak segitzeko indarra ukan dezaten». Gachenen ustez, azken hauteskundeetan agertu da herritar gehienek eskubide horren alde egiten dutela. Gehiengo hori kontuan ez hartzea leporatu dio Elizari.

Apezpikuen egiturak ezkontza zibila eta erlijiozkoa nahasten dituela ere gehitu du, eta zehaztu ezkontza zibilaren eskubidea dutela aldarrikatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.