Gayk dio magistratuek hasia dutela Sorturi buruzko eztabaida

Baliteke Auzitegi Konstituzionalak bi aste barru berriz ere heltzea gai horri

Erredakzioa
2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Konstituzionala hasi da Sorturen helegitea aztertzen, Eugeni Gay auzitegiko presidenteordeak jakinarazi duenez. Espainiako Prokuradoreen XIII. Batzar Nazionalean parte hartu du Gayk, eta, han, kazetarien galderei erantzunez, esan du hasi direla eztabaidatzen «aldeek aurkeztutako puntuak eta helegiteak aipatzen duen epaia». Hala ere, ez du adierazi erabakia noiz jakinaraziko duten. Era berean, baieztatu du eztabaida dagoela epaileen artean, baina ez du eman zehaztasunik. «Ezin dut, eta ez dut informazio hori zabaldu nahi. Arduragabekeria litzateke eztabaidari buruzko balorazio bat egitea», adierazi du.

Auzitegi Konstituzionalak maiatzaren 22an sartu zuen Sortuk ezarritako babes helegitea eztabaidatu beharreko gaien zerrendan, Auzitegi Gorenak alderdien erregistroan sartzea eragotzi eta urtebetera. Geroztik, bost aldiz bildu dira Konstituzionaleko epaileak, baina ez dute hartu erabakirik. Ekainaren 19tik 21era batzartuko dira berriz.

Elisa Perez Vera magistratuariegokitu zaio, hain zuzen, epaiaren txostena egitea, eta, hainbat komunikabideren arabera, Sortu legeztatzearen alde egingo luke txosten horretan, baita magistratu gehienek ere. Txosten horrek, baina, ez luke baliorik izango Auzitegi Konstituzionala berrituko balute—PPk eta PSOEk adostu dute hilaren amaieran berritzea—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.