KRONOLOGIA

Gazta zatia, gero eta handiagoa

Bi mila biztanle baino gutxiagoko herri batean piztutako dinamika batetik sortu da, zortzi urte geroago, 125.000 herritarrek euskal estatuari buruz botoa emateko aukera.

sier Oiarbide eta Miguel Mari Imaz, Nazioen Munduko bultzatzaileek elkarrekin bozkatu zuten asteazkenean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
jon olano
2016ko ekainaren 4a
13:45
Entzun

 2008

Giro politiko gaiztotua zen duela zortzi urtekoa; ETA jardun armatura itzulita eta Ezker Abertzalea legez kanporatua, Juan Jose Ibarretxek zuzendutako Eusko Jaurlaritzaren Kontsulta Legea zen eztabaidagai. 2008ko ekainaren 27an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Kontsulta Legea, boto baten aldearekin. Gerora, debekatu egin zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak lege hori, eta urriaren 25ean egitekoa zen galdeketa ez zen egin.

Erabakitzeko eskubidea giro horretatik ateratzeko asmoz, hilabete batzuk lehenago sortu zen Idiazabalen Nazioen Mundua dinamika. Herri-kirol taldetik abiatuta, nazioek beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea zuen aldarri. 2008ko otsailean herrian aurkeztu, eta hilabete geroago Eskoziara egin zuten bidaia ehun bat kidek, herri-kirolen erakustaldiak egin eta esperientziak partekatzeko; han, independentzia erreferendum baten aukera indarra hartzen ari zen, 2007an SNP alderdi independentistak hauteskundeak irabazi eta gero.

Katalunian, 2010ean piztu zuen haserrea Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota izana herritarrek onartutako estatuta. Aurrez, 2009an ekin zioten herriz herriko galdeketak egiteari, 169 herritan egiteraino. 2008tik 2010era bitartean, bidaia ugari egin zituzten Nazioen Munduko kideek Eskoziara eta Kataluniara, eragile politiko eta sozialekin elkarrizketatu eta harremanak estutzeko.

2010: Herritik eskualdera

Idiazabaldik Goierri osora egin zuen jauzi dinamikak. Beasaingo Igartza jauregian, politika, kultura eta beste alor batzuetako 35 lagunek Igartzako manifestua izenpetu zuten, besteak beste aldarrikatuz Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela. 2010eko maiatzaren 22a zen.

Babes soziala gero eta zabalagoa izanik, urte hartako urrian 7.000 lagun elkartu ziren Ordizian Scotland-Euskal Herria jaialdian. 2011ko uztailean, berriz, mosaikoa osatu zuten Larraitzen, Autodeterminazioa hitza irudikatuz. Hain justu, bertan egin dute duela egun batzuk ekainaren 5eko galdeketetara deitzeko deia, duela bost urteko argazkiaren antzekoa errepikatuz. Ordura arteko ibilbidea Gazta Zati Bat dokumentalean jaso zuen Jon Maiak 2012an, eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatu zuten.

[Youtube]https://youtu.be/TGeehmHOMXU[/Youtube]

2013: Gure Esku Dago

2013ko ekainean aurkeztu zuten herrialde osorako dinamika; Gure Esku Dago. Erabakitzeko eskubidearen aldeko indarrak sortu eta elkartzea helburu, hiru premisa ezarri zituzten: “Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, herritarron garaia da”. Erronka jarri zion dinamikak bere buruari: giza kate baten bidez Iruñea eta Durango elkartzea 2014ko ekainaren 8an, horretarako gutxienez 50.000 lagun kateatuz. Prozesu subiranista betean zegoen Katalunia 2013ko irailean egitekoa zen herrialdea hego-ipar zeharkatzen zuen katea.

Herriz herri eta auzoz auzo antolatzen hasi zen dinamika orduan. 2013eko ekainetik 2014ko hilabetera, dozenaka herri batzorde sortu ziren, horiek lan ildo ezberdinak landu zituztelarik: hitzaldiak antolatuz pedagogia egin, era guztietako jaiak antolatuz herritarren parte hartzea sustatu eta, nola ez, giza kateko metroak saldu. Aurrez abiatutako beste prozesu batek fruitua eman zuen Etxarri Aranatzen, eta bertan egin zen euskal estatu independenteari buruzko aurreneko galdeketa, 2014ko apirilaren 13an.

Erritmoa modu esponentzialean bizkortu zuen dinamikak giza kateari begira. 2014ko martxoan Casillan eginiko ekitaldian iragarri zuten 22.000 zirela izena emandakoak. Ekain atarian gainditu zuten 50.000 lagunen langa, eta giza katearen bezperan iragarri zuten 100.000 lagun zirela joatekoak. Azkenean, 150.000 herritarrek osatu zuten katea.

[Youtube]https://youtu.be/x1SmvoqxhKk[/Youtube]

2014-2015: Ehuntzeko garaia

[Youtube]https://youtu.be/tDC0IZ8_zs0[/Youtube]

Aurrera begirako urratsak finkatu zituen Gure Esku Dago-k irailean. Ehuntzeko, adosteko eta erabakitzeko aroak bereizita, urteko mobilizazio nagusia bakarra izatetik herrialde guztietara eraman zuten. Herritarrek oihal zatiak atondu, eta horiekin Donostiako eta Bilboko estadioetan, Iruñeko zezen plazan, Baionako Belaskain zelaian eta Gasteizko Buesa Arenan hautetsontzi erraldoiak eraikitzea izan zen urteko helburua. Oztopo politikoak tartean, Arabako hiriburuko ekitaldia ez zuten Buesa Arenan egin, baina irudi ikusgarriak utzi zituen Andre Mari Zuriaren plazan eta inguruetan eginiko festak. Bitartean, ugarituz joan zen herri batzordeen kopurua: 2015eko ekainean, 230etik gora ziren.

[Youtube]https://youtu.be/jp6VLRuUDdo[/Youtube]

2014ko azaroaren 2an heldu zen erabakitzeko eskubidearen gauzatzearen bigarren alea, Arrankudiaga-Zollotik (Bizkaia). %89,6 agertu dira euskal estatu baten alde, %61,5eko parte hartzearekin.

Mobilizazio nagusietan dozenaka milaka lagunek hartu zuten parte. Aurreko urteko jendetzak eta ekitaldiak leku itxietan egin eta horietan jende hutsuneak agerian uzteak porrot sentipena eragin zuen neurri batean. Gogoetan sartu zen Gure Esku Dago; Eskura prozesuaren bidez findu zituen asmoak eta indartu barne antolaketa.

2016: Aldarrikatu baino, gauzatu

“Gure Esku Dago ez da sortu etengabe aldarrikatzen aritzeko”. Anjel Oiarbide dinamikako bozeramaileak esana du GED ez zela betikotzeko asmoz sortu, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzera igarotzeko baizik. Erabakitzeko eskubidearen aldeko iritziak “ehunduen” dauden lekuetan adosterako jauzia egin zitekeela iritzita, herri galdeketak antolatzea erabaki zuten Goierrin, Debagoieneko herrietan, Azpeitian eta Ispasterren. Galdera, data eta gainerako xehetasunak adostekoa izan da azken hilabeteetako garaia, eta ekainaren 5ekoa izango da botoaren bidez erabakitzeko eskubidea gauzatzeko eguna. Izan da trabarik, ordea; ekainaren 12rako eta 19rako zituzten antolatuta galdeketak, baina Espainiako Gorteetarako hauteskundeek eta kanpainan galdeketak ezin egiteak irtenbideak bilatzera eraman zituzten batzordeak. Guztiak datorren igandean egitea adostu zuten.

2017: Lehen olatua eta gero, bigarrena

34 izango dira igandean euskal estatu burujabeaz edo independenteaz galdeketa egingo duten herriak. Aurrez Etxarri Aranatzen eta Arrankudiagan ere galdeketak eginagatik, lehen aldia izango da hainbeste herrik eta herritarrek egun berean euskal estatuaren inguruan botoa ematen dutena. 125.000 lagun daude hautetsontzietara deituta.

Igandekoa “lehen olatua” baino ez da, ordea, eta izango dira “bigarren eta hirugarren” olatuak ere, Gure Esku Dago-k berak iragarri duenez. Izan ere, datorren urteko udaberrirako galdeketak antolatzeko asmoa dute Oiartzualdean, Diman, Bakaikun, Usurbilen, eta galdeketa egiteko adina babes dagoen jakiteko, sinadurak biltzen hasiak dira Hernanin edo Donostian. Gutxienez 60 herrik harrotuko dute galdeketen itsasoa 2017an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.