Gizartea

Gazte Kontseiluak kezka agertu du, 10.600 gaztek atzerrira jo zutelako 2012an

Atzerrira lan bila joandako gazteen egoerari buruzko kanpaina bat hasiko du Euskadiko Gazte Kontseiluak, zein egoeratan bizi diren jakiteko.

2013ko maiatzaren 6a
15:46
Entzun

Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik, atzerrira irten ziren 10.600 gazte 2012an. Lan bila joan ziren. Kopuruak izugarri egin du gora urtebetean: 2010ean baino 4.500 gazte gehiagok jo zuten atzerrira lan bila iaz. EGK Euskadiko Gazte Kontseiluak kezka agertu du gorakada horrekin.

Itsaso Andueza EGK-ko presidentea Eusko Legebiltzarrean izan da gaur goizean, Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirolaren batzordean, datu horien berri ematen eta EGKren jarduera azaltzen. Andueza martxoan aukeratu zuten presidente.

Anduezak azaldu du gazteen artean lana eta langabezia direla kezka nagusiak. Kezka horren berri ematearekin azaldu du 18 eta 29 urte arteko gazteen %27 daudela langabezian, Euskadiko Gazteriaren Behatokiaren arabera.

Eustaten beste datu bat ere nabarmendu du: 18 eta 24 urte arteko gazteen %68k eta 25 eta 29 urte artekoen %43k aldi baterako kontratuak dituzte. Kezka horren adierazle da gero eta gazte gehiagok atzerrira emigratzea, Anduezaren esanetan.

Kezka horri erantzunez, SOS Gazte Atzerriratuak kanpaina martxan jartzeko asmoa du EGK-k. Atzerrira lan bila joandako gazteekin kontaktuan jarri nahi du, zer egoeratan bizi diren jakiteko. Blog batean bilduko ditu haien bizipenak.

Atzerrira irtetea «ideia ona» izan liteke, EGK-ko presidentearen esanetan, baldin eta norberak bere kabuz hartu badu erabakia. Baina bestela da «egoera ekonomikoak behartuta» atzerrira jo behar izatea, haren hitzetan.

Anduezak legebiltzarkideei gogorarazi die, bestalde, 2009tik aurrekontuaren erdia baino gehiago galdu duela EGK-k; lehen bederatzi langile zituen, orain bost baino ez, eta 2012an 10.415 euroko galera izan zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.