Egin Dezagun Bidea egitasmoak igande arte antolatu duen baraualdian aurrera jarraitzen dute, Donostiako Ibaetako campusean. Astelehenean hasi zuten baraua LAB, ESK, EILAS, Hiru eta EHNE sindikatuetako ordezkariek; atzo eguerdian, gazte mugimenduari pasatu zioten lekukoa. Gaur eta bihar, berriz, ikasleen eta irakasleen txanda izango da.
Hogeita lau orduko ekinaldia hasteko, elkarretaratzea egin zuten gaztee,k sindikatuetako kideekin batera. Motxilak eta lo zakuak aldean zituztela, ordu erdiz egon ziren Ibaetako Karlos Santamaria zentroaren aurrealdean; 50 bat lagun elkartu ziren, Euskal presoen eskubideen alde baraualdia. U-7 Bilbora mezua zeraman pankartaren atzean. Sindikatuetako kideak agurtu ondoren, gazteek euskal presoen aldeko aldarrikapen kartelez bete zuten unibertsitatea. Arratsalde partean, musika emanaldi batez gozatu zuten. Egin Dezagun Bidea egitasmoaren aurkezpen bilera egin zuten gero. Eta, arratsaldea osatzeko, film bat ikusi zuten. Gaua pasatzera Irakasle Eskolako gimnasiora joan ziren gazteak. Gaur 10:00 etan hitzaldi bat egingo dute, Ikasketak eta espetxea izenburuarekin. Espetxeek preso daudenei ikasteko jartzen dizkieten arazoei buruz arituko dira hizketaldian. Eguerdian, hezkuntza arloko herritarrek hartuko dute lekukoa: ikasleek eta irakasleek.
Euskal Herriko beste hainbat herritako gazteek ere eman diote atxikimendua txandakako baraualdiari. Leioako campusean (Bizkaia), esate baterako. Bertan, Donostian bezala, elkarretaratzea egin zuten 48 orduko baraua hasi aurretik. Bi eguneko ekinaldia antolatu dute Leioan —atzo eguerditik bihar eguerdia arte—. Izan ere, atzo gazte mugimenduaren txanda zen, eta gaur ikasleena eta irakasleena. Bi egunez, presoen eskubideak errespetatzeko eskatuko dute. «Euskal presoak Euskal Herrian nahi ditugu. Bada garaia espetxe politika konponbide gakoetan jartzeko». Parot doktrina bertan behera uzteko eskatu zuten, eta zigorra beteta daukaten presoak zein gaixo daudenak etxeratzeko.
Atzo eta herenegun Frantziako Poliziak hiru euskal herritar atxilotu izana ere salatu zuten Leioako Campusean bildutakoek —Josu Esparza, Ihintza Oxandabaratz eta Julen Mujika dira atxilotuak—. «Estatuek argi uzten dute errepresioa gelditzeko asmorik ez dutela». Espainiari eta Frantziari ez die «inongo asmorik» ikusten bakerako baldintzak sortzeko. Horregatik, gazte mugimenduak kalera irteteko deia egin die herritarrei.
Gipuzkoako Aldundiak barau
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bat egin du euskal presoen eskubideen aldeko ekinaldiarekin. Larraitz Ugarte aldundiko bozeramaileak prentsaurreko batean adierazi duenez, Bilduko kargudunek barau egingo dute ostiralean. Izan ere, etzi da alderdi politikoetako eta instituzioetako ordezkarien txanda baraualdia egiteko. Koalizio abertzaleak, halaber, ostiralean protesta egingo du indarrean dagoen espetxe politikaren aldaketa eskatzeko. Ibaetako campusean egingo diren ekintzetan izango dira Ezker Abertzalea, Alternatiba, Aralar eta EA.
EAk, hain zuzen, dei egin die herritarrei Egin Dezagun Bideak antolatutako mobilizazioetan parte hartzera: «Denok jarri behar dugu gure hondar alea Euskal Herria egonkortzeko eta urratsak egiteko». Ikerne Badiola EAko idazkariaren arabera, «garai politiko berriak, presoen eskubideen gaian neurriak hartzea eskatzen du». Badiolaren ustez, Mariano Raxoi buru izango duen gobernuak «keinu» bat egin behar dio euskal herritar gehienen nahiari.
Gazte mugimenduak ere euskal presoen eskubideak aldarrikatu ditu baraualdian
Gipuzkoako Diputazioak babestu du ekimena; ostiralean bilduko dira erakunde eta alderdietako kideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu