GAZTE MUGIMENDUAREN KONTRAKO OPERAZIOA. 150 atxilotutik gora bi urtean

Espainiako Auzitegi Gorenak, 'Haika-Segi auziko' epaia emanda, ordura arteko jurisprudentzia aldatu zuen, eta ordutik gazteen aurkako dozena bat sarekada handi agindu ditu Auzitegi Nazionalak.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2009ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Aurten dira 30 urte gazte mugimendua antolatu zela. Eta haren kontrako jazarpena etengabea izan da, baina garaiekin batera aldatu egin dira gazte erakundeek jasotako kolpeak ere. Mezu gogorrak ematekoa zen Jarrai. Politikari eta hedabideek gogor egiten zuten haren aurka. Baina auzitegiek bertako kideak salatzean, ekintza konkretuak egin izana egotzita egiten zuten: adierazpen zehatzetan oinarrituta mehatxuak egin izana, esaterako. Esanguratsua izan zen, adibidez, Ana Lizarraldek hedabideen aurrean esandako «gerra nahi badute, gerra izango dute» hura.

Jarrai Gazteriak erakundearekin batu, eta Haika sortu zuten 2000. urtean. Baina Euskal Herri osoko lehen antolakundea izan zenak urtebete besterik ez zuen iraun. 2001eko martxoan 15 gazte atxilotu zituzten, Haikako zuzendaritza osatuta ETA laguntzea egotzita. Gazte erakundearen jarduna eteteko ere agindu zuten.

Gazteek Segi sortu, eta poliziek horren burutzat jotzen zituzten beste dozena bat gazte atxilotu zituzten 2008ko martxoaren 8an.

Espetxeratuak epaitu gabe kartzelan legez izan ditzaketen epe muga iristear zela egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak bi gazte erakundeetakoen aurkako epaiketa, 2005eko otsailean. Seina urteko espetxe zigorra ezarri zien 23 gazteri Auzitegi Gorenak. Gainera, gazte erakundeetako kideei «erakunde terroristako kide» izatea leporatu zien, ETAren parte zirela esanda. Armarik erabiltzen ez duen talde bat talde armatuarekin parekatu zuen, ordura arteko jurisprudentzia aldatuta. 2007ko urtarrileko epai hartan, Jarrai, Haika eta Segi legez kanpoko izendatu zituen.

Ordutik nahikoa izango zen Segiko kide izatea gazteei delitua egin izana leporatzeko eta haiek atxilotu eta espetxeratzeko. Eta horrela etorri ziren sarekadak, baina orain arteko atxiloketetan akusazioak ez dira horretara mugatu. Atzora arte Segiko kide izatea egotzita atxilotutako hainbati kale erasoetan parte hartzea ere egotzi diete atxilotzeko unean. Beste askok auzitegian bere burua aurkeztu dute: horietako asko kartzelatu dituzte eta besteak aske utzi.

Gasteizen egin zuen epaiaren ondorengo lehen sarekada Espainiako Poliziak, 2007ko uztailean, lau lagun atxilotuta. Uribe Kostan zazpi atxilotu zituzten urrian, eta hamabi Donostian. Burlatan, beste sei gazte atxilotu zituzten.

Iaz, Oarsoaldean, Lea-Artibain, Gasteizen, Barakaldon eta Iruñerrian egin zituzten operazio nagusiak. Hernanin izana zen azken sarekada, aurtengo apirilean.

Auzitegientzat bide berri bat zabaldu zuen 2005eko epaiketaren ondoren egindako lehen epaiketa Lea-Artibaiko zortzi gazteen aurkakoa izan da. Joan den urriaren erdialdean epaitu zituzten, Auzitegi Nazionalean, Segiren herriko taldeko kide izatearen akusazio hutsarekin, eta seina urteko espetxe zigorra ezarri diete. Bi astera epaitu zituzten 2005eko ahozko saioan epaitzekoak ziren bost lagun. Horientzat ere, seina urteko kartzela agindu dute epaileek. Duela lau urte aurrera begirako irizpideak ezarri zituen epaiketak ia hiru hilabete iraun zuen, eta urrian egin diren biak, berriz, hiru egunean amaitu dira.

2007tik, Auzitegi Gorenak lehen epaia eman zuenetik, 150 gaztetik gora atxilotu dituzte Segikoak izatea leporatuta. Eta, orain arteko bideari jarraitzekotan, ez dirudi soka etengo denik. Hala ere, «... ta Segi aurrera!» zioten pintaketak irakur zitezkeen atzo bertan, atxiloketen ondoren, Euskal Herriko horma askotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.