Lubakitik» mintzo da Juan Carlos Etxegoien Xamar irakaslea, hizkuntzen arteko gatazkak eskolan eragiten duen borrokaren lekuko: «Irakasleak beti egiten du topo hizkuntza borrokaren lubakiarekin, dagoen tokian dagoela». Euskararen aurkako diskurtsoa dela indartsua, hala uste du; eta euskaldunek «ezikusiarena» egiten dutela maiz. Eragina badu horrek, noski, eta irakasleek eskolan ikusten dute hori, ikasle gazteekin. Hara, Xamarren konponbidea: «Diskurtso hori neutralizatu beharko da».
Aritzeak aditu bihurtuta, soziolinguistikaren alorreko auziak ikertzen ari da azken urteetan Xamar (Garralda, Nafarroa, 1956). Euskal Soziolinguistika Jardunaldietan aritu zen atzo, Donostian, euskararen egoeraz eta eskolak eta gizarteak egiteko dutenaz. Erantzunean azkar eta hausnarrean zorrotz, Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko kidea izan zuen elkarrizketatzaile.
Irakasleak «lubakian», eta euskararen eta euskal kulturaren transmisioan, «etena». Hizkuntz borrokan haustura handitzen ari dela uste du Xamarrek: «Euskara atxikirik ere, kultur transmisioa eten egin zen. Behar dugu hori berpiztu, ezagutzeko nondik gatozen eta zer garen». Haren irudiko, ezinbesteko baita atzeari begiratuta dantzatzea aurrea, euskararen erabilera indartuko bada eta erdaldunak erakarriko baditu; lubakia alboratu eta zubiak eraikiko badira. «Euskaldunak erakarri behar dira lehenbizi, hizkuntz komunitatea trinkotu egin behar da, jendea jantzita. Horrek erakarriko du kanpoko jendea».
Hezkuntzaren ardura ote den hori, ba ote duen horretarako modurik gaur egun, egin ote dezakeen ikasleak euskarara hurbiltzeko saioa. Egungo egoeraz ezkor mintzatu da Xamar: «Irakaslea umezurtz dago ume artean». Alegia, ez duela baliabiderik eta heziketarik jaso horretarako. Areago, uste du hezkuntza alorrean egiten ari diren aldaketak atzerapausoa direla horretan: «Erdararen aldeko politika dago hemen, eta orain ingelesaren saltsa heldu da, British eredua delakoarekin. Hemen eztabaida falta ikaragarria dago, jakiteko non gauden». Eta, artean, lubakia handitzen.
Motibazioa, eskas
Heziketa eta baliabideak falta eta, hirugarren giltzarria nabarmendu du Xamarrek: motibazioa. Alegia, alferrik direla gailuak eta horrelakoak, maisu-maistrek sentitu egin behar dutela, euskara transmitituko badute. «Irakaskuntzaren arrakastaren zati handienetako bat da irakasleak zer sentitzen duten gaiarekiko. Berdin matematika edo geologia». Hortaz, irakaslearen sentimenduen araberakoa soilik da gazteek euskara gehiago edo gutxiago atxikitzea eskolan? Atzera berriro, ezagutzaren garrantzia nabarmendu du Xamarrek: «Nik uste gure kulturarekiko eta hizkuntzarekiko zerbait sentitzea eta ezagutza transmititzea askoz errazagoa dela, heziketa eta ezagutza baldin badaude. Baina horretarako heziketa behar da».
Txepetxen teoriari jarraituta —haren lana ikertzen luze jardun du Xamarrek—, irakaskuntza kamustuta ari dela uste du irakasleak: «Irakaskuntza hiru ontzietarik bat da, erdiko ontzia: ezagutza. Motibazioa ez da lantzen, eta erabilera... 'Ahal baduzue egin euskaraz, animo!'. Hori bai, gero, neurtuko dugu zenbat egiten duzun euskaraz».
Erreferenteak, erdaldunak
Eskolen gain ez daiteke, ordea, zama osoa jarri. Gizarteak ere badu zeresana, azkenean eskola gizartearen isla delako. Haren egoeraz ere kezkati da Xamar, euskararen aurkako jarrera ari delakoan nagusitzen: «Ezikusiarena egiten dugu, euskararen kontrako diskurtsoa etengabe elikatzen denean». Kasurako, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak euskararen eta indarkeriaren artean egindako lotura jarri du. «Ahazten zaigu diskurtso horrek elikatutako saltsaren erdian gaudela». Azkenean, identitate kontua dagoelako atzean: «Hizkuntza ez da kontu librea, hala dioten arren».
Etorkizuna beltz ikusten du, egungo egoera aldatu ezean. «Gazteek ez dute egingo gizartean ikusten ez dutena. Guztia heziketaren gain botatzeak ez du balio». Eta gizartean, erdalduna da nagusia; erreferente eta prestigiotsu. «Jada talde batzuk hasiak dira ingelesez ere abesten. Kultur mugimendu indartsu bat behar dugu, Ez Dok Amairuren gisakoa».
Gazteak, euskararen lubakian
Nola eten gazteek euskararekiko eta euskal kulturarekiko duten «lubakia». Horra Xamar irakasleak azken urteetan duen kezka iturria. Eskoletan motibazioa eta erabilera lantzea ezinbestekotzat jo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu