Mutilek bezainbeste edaten dute neskek, eta gehiago erretzen dute. 12 eta 18 urte bitartekoen alkohol eta tabako kontsumoa "feminizatzen" ari dela berretsi du Deustuko Unibertsitatearen Droga Mendekotasun Institutuak egindako ikerketa batek. Azken urteetako joera sendotu da: neska nerabe gehiagok kontsumitzen dute, nahiz eta kontsumo “intentsiboenak” mutilenak izaten jarraitzen duten. Kalamuarekin berdina gerta daitekeela ohartarazi dute.
Oro har, dena den, alkohol eta tabako kontsumoa egonkortu egin da azken urteotan, eta zehazki 2006tik 2011ra beherakada txiki bat antzeman diote. Hain justu, emakume gazteen kontsumoa igotzeak apaldu du jaitsiera. Ikerlanean emandako datuen arabera, adingabeen %25ek tabakoa erretzen dute, baina %4,4ra mugatzen da egunean pakete erdia baino gehiago erretzen dutenen taldea. Alkoholari dagokionez, hiru laurdenek probatu egin dute, eta %31k gehiegi edaten dute.
Legez kanpoko drogen artean, 2006tik kontsumoa jaitsi dela antzeman dute ikerlariek. Kalamua da gehien kontsumitzen den gaia, alde nabarmenarekin: gazteen %35,4k probatu dute; ondoren datoz speed-a (%6,7) eta kokaina (%6).
Azken 30 urteetako bilakaera aztertu ostean, ikertzaileak kezkatuta agertu dira joera batekin: gai guztiak hartzen hasteko adina jaisten ari da. "Kezkagarria da, prebentziorako estrategietako bat kontsumitzen hasteko adina atzeratzean datzalako", azaldu du Maria Teresa Laespada institutuko zuzendariak.
Gizartea
Gazteen artean, alkohol eta tabako kontsumoaren "feminizazioa" berretsi du ikerketa batek
Legez kanpoko drogen kontsumoa jaitsi egin da 2006tik, Deustuko Unibertsitatearen Droga Mendekotasun Institutuak antzeman duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu