Gazteen artean jarrera sexistarik ez izateko kanpaina bat hasi dute

Ertzaintzak iaz esku hartu zuen genero indarkeria kasuen %35etan biktimek 18 eta 30 urteen artean zituzten

Erredakzioa
Bilbo
2010eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Euskal erakunde ugarik, emakumeen aurkako indarkeriarik ez izateko, Beldur Barik! kanpaina egingo dute gazteen artean. Atzo aurkeztu zuten kanpaina, Bilbon. Gazteen artean jarrera sexistak «iraun» egiten dutelako abiatu dute kanpaina, Mariola Serrano Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Arretarako zuzendariak esan duenez. Erakundeak kezkaturik azaldu dira jarrera horiengatik.

Gaur da Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta horren harira abiatu dute kanpaina Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, Emakundek, Eudelek, EHUk eta Berdinsareak. Gazteentzat da aurtengo ekimena, eta Silvestrek beharrezkotzat jo du hala izatea. Izan ere, iazErtzaintzak esku hartutako emakumeen aurkako indarkeria kasuen %35etan biktimek 18 eta 30 urte bitarteko adina zuten. Adin tarte horretan, 1.288biktima izan ziren. Sexu erasoetan, biktimen %68k -183 emakumek- 30 urte baino gutxiago zituzten. Gizonen artean, erasotzaileen %27k zuten 18 eta 30 urte bitartean.

Indarkeriaren aurka, artelanak

Gazteei indarkeria sexista hautemateko eta hari aurre egiteko baliabideak emateko da kanpaina. Ekitaldi ugari antolatu dituzte, baina Adiera Zaitez Beldur Barik! lehiaketa nabarmendu dute bultzatzaileek. Lehenengo aldia da egiten dutela, eta 16 eta 26 urte bitarteko 500 gaztek hartu dute parte. 90 lan aurkeztu dituzte. Emakumeen aurkako indarkeria gaitzesten duen edozein arte adierazpen sustatu nahi izan dute antolatzaileek. Mila euroko hiru sari emango dituzte, eta larunbatean ezagutaraziko dituzte irabazleak nor diren, Bilbon, lehenBeldur Barik!jaialdian.

Jaialdia Bilboko Zabalgune azokan izango da, 11:00etan. Lehiaketan aurkeztutako lan guztiak ikusiko dira han, eta hitzaldi eta mahai-inguruak ere izango dira. Gazteriaz, arteaz eta emakumeen aurkako indarkeriaz solastatuko dira. Bertan parte hartzeko deia egin dute.

Bilboko Udalak ere parte hartuko du ekimenean, True Love izeneko txapelketa antolatu baitu. «Gizon eta emakumeen arteko berdintasunean oinarritutako maitasun harremanak» sustatu nahi dituzte.

Arabako Foru Aldundiak elkarretaratzera deitu du gaur eguerdirako, eta Bizkaikoak emakumeen kontrako indarkeria salatzen duen puntu lila erakutsiko du bere eraikinetan. Gipuzkoako Foru Aldundiak indarkeria mota horren inguruan dituen desioak idatzi ditu puntu lila erraldoi batean. Guztiek gaurko protestetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.