Gazte mugimenduko kideen aurkako jazarpena salatzeko, manifestazioa egingo dute asteazkenean Durangon. 18:00etan abiatuko da martxa, Landako gunetik, Euskal Gazteria Libre eta Legala! Gazte Bat Gehiago Ez! lelopean. Durangoko martxa «gazte olatu bat» bihurtzeko deia egin dute antolatzaileek.
Hainbat eragiletako ordezkariak babestuta, gazteek agerraldia egin dute Bilbon, eta guztiek helburu bera dutela nabarmendu dute: «Eleak mugimenduaren barrutik euskal gazteriaren eskubideen defentsa egitea da gure helburua». Salatu dutenez, gazte mugimenduaren aurkako jazarpena ez da amaitu, eta euren eskubide politikoen eta zibilen urraketa «etengabea» da. «Azkenaldian egin diren aurrerapausoak zapuztu nahi dituzten arren, gazteok konpromiso argia erakutsi dugu egoera politiko berriarekin».
Azken hilabeteetan jazartzen ari zaizkiela salatu zuten hainbat gaztek joan den astean. «Arrazoi ideologikoengatik» poliziek jarraitu, bahitu, jipoitu eta mehatxatu egin dituztela azaldu zuten. Gazte horien egoera gogorarazi zuten atzo, eta egungo jokalekuan gisa horretako jarduerek lekurik ez dutela nabarmendu. «Ezin dugu onartu errepresioa luzatzea. Aske bizi nahi duen belaunaldi bat garela erakutsi eta aldarrikatu behar dugu».
Gazteen aurkako jazarpena salatuko dute Durangon
Eleak mugimenduak antolatu du martxa; Landakotik abiatuko da, asteazkenean, 18:00etan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu