Gazteen aurkako operazioa salatuko dute bihar kalean Gernikako Akordioko kideek

Indarkeriarik eta polizia operaziorik gabeko egoera eskatu dute, aterabide demokratikoa lortu ahal izateko

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
Donostia
2010eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Gernikan Bake bidean, aterabide demokratikoen akordioa izenpetu zuten eragile politiko, sindikal eta sozialek elkarretaratzeak deitu dituzte biharko, lehengo astean Espainiako Poliziak gazte independentisten aurka egin zuen operazioa salatzeko. Hala, Espainiako Gobernuari aski dela esateko unea iritsi dela iritzita eta bake bidean jazarpen ideologikoa amaitu beharra dagoela adierazteko, Aski da! Bake bidean aterabide demokratikoa orain lelopean batuko dira: 19:00etan Iruñean, eta 19:30ean Gasteizen, Bilbon eta Donostian.

Ekimenaren berri emateko, Donostian elkartu ziren atzo sinatzaile guztiak prentsa agerraldi batean. Guztien izenean aritu ziren Haizea Solagurenbeaskoa Ikasle Abertzaleak taldeko kidea eta Haritz Perez GaztHerriakoa. Gazteak lehen lerroan eseri ziren, eta atzean, babesa ematen, gainerako sinatzaileak, besteak beste: Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kidea, Pello Urizar EAko idazkari nagusia, Ainhoa Beola Aralarreko ordezkaria eta Duñike Agirrezabalaga Alternatibakoa.

Gazte independentistek ere Gernikako Akordioa izenpetu zutela gogorarazi dute, «egoera politiko berri batekiko konpromiso argia azalduz». Haatik, Espainiako Gobernuak, hamalau gazte atxilotuz eta beste batzuk atxilotzeko arriskuan jarriz, berriro ere arrazoi ideologikoengatik gazte ugariren aurkako jazarpena «muturreraino» eraman duela nabarmendu dute. Gainera, euren arabera, polizia operazio hori indar subiranista guztiak, «indarkeria adierazpide guztiei espresuki uko egin ostean», indarkeriarik gabeko egoera politiko berri baten alde lanean ari direnean iritsi da. Horregatik, haien irudiko, egoera politiko berri horren bidean indar subiranisten jarduera politikoa eragozteko helburuz egindako polizia operazioak «are salagarriagoak» dira.

Atxilotuengatik, kezkatuta

Halaber, kezkatuta azaldu dira atxilotuen egoeraz, «inkomunikazio egoerak tortura ahalbidetzen baitu polizia etxeetan». Horregatik, herritarrei dei egin diete larunbat honetan Donostian torturaren aurka egingo den manifestazioan parte hartzera.

Aurrera begiratzeko unea dela uste dute, eta etorkizunera begira jarri dira. Hala, elkarrizketaren bidez, bakea eta konponbide demokratikoak ekarriko dituen agertokia eraiki nahi dute, non giza eskubideak eta eskubide zibil eta politikoak errespetatuko diren. Horretarako, ezinbestekotzat jo dute indarkeriarik eta polizia operaziorik gabeko egoera. «Euskal gazteei eta oro har herritar guztiei, beren ideologia edozein dela ere, jarduera politiko guztietan baldintza beretan aritzeko modu emango dien egoera nahi eta behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.