«Arazo bat daukagu: ekintzaile bokazioa jaisten ari da Euskadin». Hala hasi zuen PSE-EEko lehendakarigai Patxi Lopezek «ekintzaile gazteekin» Donostian egindako bilkura. Nagusiki, enpresa berriak sortu nahi dituzten gazteei lagundu beharraz aritu zen Lopez. Horretarako, ordea, «arriskatzeko gai» diren gazteak behar direla adierazi zuen, «erreferente» izango direnak. Batez ere, hezkuntza, komunikabideak eta finantzabideak izan zituen hizpide arazo hori gainditzeko.
Hogeita hamar «ekintzaile gazte» inguru bildu ziren Amara Plaza hoteleko ekitaldian. Lehen ilaraetan jarri ziren gazteenak; hain gazte ez zirenak ere baziren atzeko aulkietan. Lopez iritsi baino lehen alde egin zuenik ere izan zen, espero gabeko panorama topatuta-edo: «Trajedun gehiegi, ekintzaile gutxi», esan zuen batek.
«Ekintzaile izaera» falta dela-eta kezka adierazi ondoren, bere gobernuak enpresariei laguntzeko egindako lana goraipatu zuen Lopezek. «Iritsi ginenean, finantziazio arazoak eta enpresa mordoa ate-joka aurkitu genituen», esan zuen. Lopezek jakinarazi zuen EAEko kutxen gain utzi zutela proiektu horiek bideragarriak ote ziren aztertzeko lana, azkar erantzun beharra zegoela-eta. Kutxek proiektuen bideragarritasuna bermatuta, eurek finantzatzeko baimenak ematen zituztela azaldu zuen, eta, besteak beste, gogora ekarri zuen 2.180 milioi euroz hornitutako plan bat jarri zuela abian.
Ekitaldian zen Eusko Jaurlaritzako ekonomia sailburu Carlos Agirre ere, eta hark zehaztu zituen gobernuan egindakoak. Azalpenen artean, SPRI Industria Sustatzeko eta Eraldatzeko Baltzuko presidente ere badenak gogoratu zuen 2.000 milioi euro dituela erakunde hark finantzaketan laguntzeko. «Badakizue, joan zaitezte SPRIra. Han daukazue finantzaketa aukera zabala», esan zuen Lopezek, txantxa giroan, ekitaldi amaieran. Diskurtso hori entzunda, eta atzean PSE-EEren hauteskunde kanpainako lelorik ez balego, gobernuko ordezkariekin ari zela pentsatuko zuen «ekintzaile» batek baino gehiagok.
«Norberaren negozioa»
Ekitaldiak aurrera egin ahala, hauteskunde giroko promesa edo erronkak aipatzen hasi zen, ordea, Lopez hautagaia. Lehena, «ekintzaile izaera» bultzatzea. Horretarako, beharrezko jo zuen administrazioen, hezkuntza sistemaren eta komunikabideen bultzada, enpresak arrakastaz sortu dituzten gazteak eredu bihurtzeko. Hezkuntza arloan, herrialde batzuetan ezagututako adibidea goraipatu zuen Lopezek: «Txikitatik erakusten diete norberaren negozioa martxan jartzen». Hiru «ekintzailek» ere hartu zuten hitza ekitaldian zehar —hiruak gizonezkoak—; tartean, bezperan La Caixaren Estatuko ekintzaile onenaren saria jaso zuen Alejandro Mateo. Haren kasua erabili zuen Lopezek, bere arabera, komunikabideek egin behar luketena azaltzeko: «Gaur egunkari guztien azaletan egon behar zuen horrek».
Bigarren erronka, krisialdi ekonomikoa gorabehera, «ekintzaileentzako» finantzaketa bermatzea. Horretarako, bankuen inplikazioa eskatu zuen, eta enpresa txikiei zergak jaitsi eta irabazi gehien dituztenei igotzeko konpromisoa hartu zuen. Eta hirugarrena, enpresa bat sortu ahal izateko eginbehar burokratikoak azkartzea: «Enpresa bat bi astetan sortu ahal izatea lortu behar dugu». Horretarako, Ekintzaileen Euskal Agentzia sortzea proposatu zuen, «finantzaketa eta burokrazia labirintoan» laguntzeko.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. PSE-EE
Gazteen «ekiteko bokazioa» indartu beharra dagoela uste du Lopezek
Enpresak sortzeko erraztasunak eman nahi ditu PSE-EEk; besteak beste, Ekintzaileen Euskal Agentzia sortuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu