Gizartea

Gazteengana joko du Jaurlaritzak adingabeen alkohol kontsumoa murrizteko

Kontsumo goiztiarrari aurre egiteko plan bat ondu du, eta hainbat nerabe heziko ditu, adingabeei alkohola edatea eragotz diezaieten.

Oihan Vitoria.
2014ko ekainaren 16a
13:21
Entzun

Adingabeak eta alkohola planaren lan ildoak azaldu dituzte legebiltzarrean Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuorde Guillermo Viñegrak eta Osasun Publiko eta Mendekotasun zuzendari Miren Dorronsorok. Adingabeen "gehiegizko" kontsumoa gutxitzea eta jokabide horiekiko "permisibitate giroa" errotik moztea dira planaren xede nagusiak. Horretarako, hainbat eremutan hartuko dituzte neurriak: hezkuntzan, osasunean, festetan eta gazteen lokaletan, besteak beste. Osasun publikoko arazo larritzat jo dute nerabeen alkohol kontsumoa. Adingabeen alkohol kontsumoa murrizteko helburua Eusko Jaurlaritzaren 2013-2020 aldirako osasun planean zehaztu dute.

Hain justu ere, "arazoaren" sorburura joko dute. 12 urtetik gorakoentzat prebentzio ekintzak egingo dituzte, eta bide horretan, gazteak izan nahi dituzte bidelagun. Hala, zenbait nerabe heziko dituzte, festa jendetsuetan alkohola edaten ari diren adingabeei ohar egin diezaieten. Alkoholak dakartzan kalteen eta arriskuen berri emango diete. Gipuzkoako ikastolen aldeko jaian du jatorria neurri horrek, eta uda honetan bertan hainbat herritako festetan martxan jartzea espero dute.

Dorronsorok azaldu du prozesu "nekeza" dela, "ahalegin handikoa", baina helburuak lortzeko bidean "oso eraginkorra" dela. Osasun sailburuordeak, berriz, jakinarazi du atzoko Araba Euskaraz jaialdian zortzi adingabe artatu behar izan zituztela alkohol gehiegi edateagatik, eta duela bi asteko Ibilaldian beste hogei lagun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.