Gaztesarearen aurkako auziarekin lotuta gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean inputatuta izan diren hiru euskal herritarrak libre geratu dira, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak esan duenez, eta etxera bueltan daude. Mikeldi Zenigaonaindia, Haritz Garrido eta Gorka Urbizu dira hiru horiek; Fernando Andreu epaileak hartu ditu. Fiskalak ez du haien aurka ezer eskatu. Hala ere, inputatuta segitzen dute.
Bihar, berriz, Jon Maia (bertsolaria), Arkaitz Estiballes, Miren Zabaleta eta Aitziber Martinez de Lagos joango dira auzitegira, auzi beragatik.
Zortziak ere musikari, bertsolari, feminista, gazte mugimenduko kide eta ikasle mugimendukoak dira, eta Gaztesareari babesa ematea egozten diete.
Guardia Zibilak uztailaren 29an, Andreu Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Gaztesarearen aurkako operazioa egin zuen, "Gaztesareak eta Arabako blog batek Segi gazte erakundearen zozketa bateko zenbaki saridunen berri emateagatik". Alberto Martinez, Iker Acero eta Arkaitz Artola atxilotu zituen, eta epaileak aske utzi zituen hurrengo egunetan, baldintzapean.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) auzitegiaren erabakia kritikatu du, "Espainiako Gobernuak Euskal Herrian ezarri duen mugarik gabeko errepresioaren urrats berria delako. Errepresioa eremu berrietara zabaltzen ari da". Espainiako Estatuan "adierazpen askatasuna ukatua eta zigortua" dago, AAMren arabera.
politika
Gaztesarea auzian Madrilen izan diren hiru euskal herritarrak, libre
Mikeldi Zenigaonaindia, Haritz Garrido eta Gorka Urbizu Espainiako Auzitegi Nazionalean izan dira. Fiskalak ez du haien aurka ezer eskatu, baina inputatuta segitzen dute. Bihar Jon Maia, Arkaitz Estiballes, Miren Zabaleta eta Aitziber Martinez de Lagos joango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu