Antton Zabaleta. Arrasateko gaztetxeko kidea

«Gaztetxeen arteko harremana sustatu nahi dugu»

ainara arratibel gascon
Donostia
2011ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Indartsu eta etorkizunarekin. Arrasateko gaztetxeko (Gipuzkoa) Antton Zabaletak hala ikusten du gaztetxeen mugimendua. Herri eraikuntzan egiten duen lana nabarmendu du, «batik bat sozialki eta kulturalki». Atzo Arrasatetik (Gipuzkoa) abiatutako bizikleta martxarekin gaztetxeen errealitatea eta lan egiteko modua ezagutu nahi dutela nabarmendu du Zabaletak.

Zein helbururekin antolatu duzue Gaztetxez Gaztetxe Euskal Herriko Bira bizikleta martxa?

Ikusten genuen Euskal Herrian gaztetxe mordoa dagoela, baina haietako askotan zebilen jendea ez genuela ezagutzen. Beraz, gure arteko elkarlana eta harremana sustatzeko, ekimen bat antolatzea pentsatu genuen. Izan ere, gaztetxeen jarduna batez ere herrikoa izan arren, uste dugu badirela elkarlanean aritu gaitezkeen alor komun batzuk. Gainera, gaztetxe bakoitzak bere errealitatea eta lan egiteko modua du. Horiek ezagutzea beti da aberasgarria.

Zenbat lagun batzea espero duzue?

Arrasatetik 16 eta 20 lagun artean abiatzea espero dugu, eta gero herrietatik igaroz joan ahala jendea batzen joatea. Batzuek ibilbide osoa egingo dute, baina gehiago izango dira hainbat etapatan lagun izango ditugunak. Abuztuaren 19ra bitarte 13 gaztetxe bisitatuko ditugu. Bakoitzean ekitaldi bat izango da elkarlan eta harreman hori bultzatzeko: mural margotzea, dokumental emanaldiak, hitzaldiak, kontzertuak, eta abar… Bidean beste gaztetxeren batean geratzeko aukera baduguere geratuko gara.

Elkarlan eta harreman hori falta dela uste duzue?

Egia esanda, gaztetxeen jarduna beti izaten da nahiko lokala. Beraz, zaila da elkarlan hori lortzea. Zertxobait falta dela esan daiteke. Nahiz eta egia den baita ere beharrezkoa denean izaten dela. Kukutzarekin gertatutakoa ikustea besterik ez dago. Elkartasuna handia izan da. Baina, agian, egunerokoan zertxobait gehiago landu beharko litzateke harremana.

Zer ekarpen egiten dute gaztetxeek herri eraikuntzan?

Handia. Kulturalki aski ezaguna da egiten duten ekarpena, eta sozialki ere egiten dutela argi dago. Herritar guztiek dituzte zabalik gure ateak, ez bakarrik gazteek dituzten kezka eta arazoak azaltzeko. Gure kasuan, adibidez, Arrasateko gaztetxean baratza bat dugu, eta adinekoak hor etortzen dira laguntzera.

Udalekiko harreman ez da erraza izaten askotan.

Ez, halaxe da. Lokala hark uzteak beti eragiten du haien menpe egon behar izatea. Eraikina okupatua izanez gero, berriz, beti dago hustutzeko arriskua. Beraz, bi kasuetan egoera ez da erraza. Egokiena harremana ona izatea litzateke, eta egiten dugun lana aitortzea, nahiz eta ez duen bat egiten haiek defendatzen duten ereduarekin.

Nola ikusten duzu gaztetxeen mugimendua.

Indartsu, gero eta gazte gehiago baitira gaztetxeetara gerturatzen direnak.Horri eutsi behar diogu etorkizunean ere.

Nola gustatuko litzaizueke amaitzea martxa?

Arrasaten amaituko da, eta jai bat eta bazkaritxo bat antolatuko dugu. Espero dugu gaztetxeetako jendea biltzea, eta elkar ezagutze horretan beste urrats bat egitea. Horregatik bakarrik mereziko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.