Gaztetxeen 'Korrika'

Gaur hasiko da Maulen Gaztetxe Martxa eta maiatzaren 7an bukatu Iruñean; gaztetxeen benetako izaera erakutsi nahi dute

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2006ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Euskal Herriko gaztetxeen mugimendua bizirik dago. Euren ustez, inoiz baino biziago: etengabe sortzen dira gaztetxe berriak, baina etengabe eraisten dituzte. Euren esanetan, komunikabideek alderdi hori baino ez dute erakusten: gaztetxeak husten, eraisten edota poliziarekin liskarrean. Gaztetxeek, ordea, badute beste aurpegi bat: herrian hamaika ekimen antolatzen dituzten gazteen bilguneak dira, herrien beharrei erantzuteko sortu dira, eta, oro har, herrian sustraituta daude. Gaur Mauletik abiatuko den Gaztetxe Martxaren bitartez gaztetxeen eta gazte asanbladen «benetako aurpegia» erakutsi nahi dute gazteek. Gaztetxeen aldeko korrikak Euskal Herri osoa zeharkatuko du maiatzaren 7a bitarte, eta Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanblada gehienak igaroko ditu. Bi asteko jaia izango da, tokian tokiko aldarrikapenak eta festa uztartuko dituena.

Duela bizpahiru urte sortua,Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Koordinakundeak antolatu du martxa. 140 asanbladatan lan egiten duten 3.000 gazte biltzen ditu. «Kalera aterako gara, garena erakustera eta gure alternatibak eta mezuak plazaratzera». Gizartean beharrezkoak direla aldarrikatuko dute, «herriei bizitasuna ematen dietelako». Eta agintarien jarrera ere salatuko dute: «Ez gara haiek inposatu nahi dizkiguten indibidualismoan oinarrituriko bizi eredu kapitalisten aldekoak. Gazteontzat bestelako bizi eredu bat nahi dugu. Gazteontzat alternatiba gara eta boteretsuek ez dute hori nahi. Ez gaituzte beren herri eta hirietan nahi».

Oinez, bizikletaz, korrika...

Gaztetxe Martxak herri ugari zeharkatuko ditu hurrengo bi asteetan. Herrien arteko bidea oinez, bizikletaz, korrika, autoz, autobusez, traktorez... egingo dute. Eskura dituzten baliabide guztiak baliatuko dituzte. Martxa pasatzen den herri guztietan egingo da ekimenen bat: ongi-etorriak, bazkariak, hitzaldiak, kontzertuak...

Maiatzaren 7an iritsiko da Iruñera, eta egun hori «okupazio erraldoia» izatea nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.