Gehiago birziklatu arren, ia hondakinen erdia erraustu egingo dute Gipuzkoan

Zubietan errauste planta egiteko, ingurumen baimenak eskatzeko tramiteak hasi ditu GHK-k

AINHOA SARASOLA IÑAKI PETXARROMAN
2008ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Hiri hondakinen %57 berreskuratzea eta %43 erraustea da Gipuzkoako Foru Aldundiaren asmoa 2016. urteari begira. Datu eta araudi berriak bilduta, helburuak berraztertuta eta aurreikuspenak eguneratuta, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Nagusia eguneratzeko dokumentua aurkeztu zuen atzo Carlos Ormazabalek. Garapen Iraunkorrerako diputatu eta Hiri Hondakinen Partzuergoko presidenteak azaldu zuenez, plan nagusia 2002an onartu zutenean aurreikusitakoa baino %12 gehiago birziklatzea eta konpostatzea da Foru Aldundiaren asmoa, eta, hortaz, kopuru berean gutxitzea erraustera eramango den zaborra.

Batzar Nagusietan eginiko agerraldian Ormazabalek azaldu zuenez, dokumentu eguneratuan jaso dituzten berritasun nagusien artean dago 2016rako hondakin kopurua %10,6 murrizteko xedea. Prebentzio kanpainen bidez zaborren sorrera gutxitzea lortu nahi du Foru Aldundiak. Horrela, diputatuaren hitzetan, 2016an 495.000 tona hondakin kudeatzea ekarriko luke; «ezertxo ere ez» egitekotan, ordea, kopuru hori 554.000 tonakoa litzateke, Ormazabalen hitzetan.

Zubietako gainetan eraiki asmo duten errauste plantak zaborren kudeaketaren ardatz nagusienetako bat izaten jarraitzen du plan berrituan. Izan ere, 2016. urterako aurreikusitako 495.000 tona hiri hondakinetatik 214.000 inguru errauste plantara eramango lirateke, Foru Aldundiaren asmoen arabera. Alegia, kudeatu beharreko hondakinen %43 erreko lukete Zubietan egin asmo duten plantan. 2002ko aurreikuspenetan zaborraren %55 erraustea jasotzen zen, 271.000 tona inguru, hain zuzen ere.

Birziklatu edo konpostatuko litzatekeen hondakin kopurua, berriz, urtean 218.000 tona ingurukoa litzateke 2016rako aurreikuspenen arabera, jasotako zabor guztiaren %57, alegia. Horietatik 228.000 tona birziklatuko lirateke, eta beste 53.000 tona konpostatu. Hasierako plan nagusian %45ean ezarri zuten kopuru hori, 200.000 tona zabor birziklatzea eta beste 21.000 konpostatzea aurreikusita. Konpostatzeko iragarritako hiru plantak non jarriko dituzten ez zuen zehaztu diputatuak, baina hiru ingurune aipatu zituen: Donostialdea, Lapatx eta Sasieta. Biometanizazio plantaren aukera ere mahai gainean legoke, planaren arabera.



TALDE GEHIENAK GUSTURA. Batzar Nagusietako talde politikoetako ordezkari guztiek ontzat jo zituzten konpostatzeari eta birziklatzeari buruz dokumentu berrituan jasotako «aurrerapausoak». Hala ere, denek iritzi zioten balorazio sakonagoak egiteko dokumentuaren ia 300 orriak lasai irakurri eta aztertu beharko dituztela. Dena den, lehen balorazio batean, Foru Aldundiarenak «errauste plantan oinarritutako plana» izaten jarraitzen duela txarretsi zuten EB-Berdeetako nahiz Aralarreko ordezkariek.

Planaren filosofia azaltzeko aipatutako 0 zaborra edo zabortegietara 0 isuri bezalako ideiak ez direla egia salatu zuen Rebeka Ubera Aralarreko kideak, azken batean, erraustutako hondakinen errautsak eta zepak jasotzeko beste zabortegi bat beharko delako. Puntu bera kritikatu zuen EB-Berdeetako Mikel Izagirrek eta aurrerapausoak aitortuta ere, zati organikoaren bilketa selektiborako neurriak faltan bota zituen, besteak beste.

EAJ eta EAko ordezkariek plan berria bere osoan babestu zuten, Gipuzkoako zaborren arazoari irtenbidea emateko egokiena delakoan. PSE-EEko eta PPko ordezkariek ere babesa agertu zieten diputatuaren asmoei, baina ñabardurekin: ezarritako helburu «handinahien» gainean zalantza agertu zuen ordezkari sozialistak. Orain arte «zenbaitzuk eginiko demagogia» kritikatu zuen, aldiz, PPkoak.

Planean ezarritako helburuak «gutxienekoak» direla nabarmendu zuen Ormazabalek. Era berean, testu berria ez dela «Biblia, dokumentu dinamikoa baizik», eta aurrerago ere bilakaeraren arabera aldatu ahalko dela gaineratu zuen.



BAIMEN ESKAERAK. Bestetik, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SAko (GHK) Administrazio Kontseiluak, Partzuergoaren batzarraren ondoren bilduta, ontzat eman zuen atzo Zubietan errauste planta eta bestelako azpiegiturak eraikitzeko proiektuaren hasierako dokumentua. Gune horretan gutxienez 260.000 tona hondakin kudeatzea da asmoa, tratamendu biologikoa eta mekanikoa, errausketa eta zepen «birziklatzea» baliatuta. Hasierako dokumentua onartzea aldez aurreko betebeharra da proiektuak behar dituen ingurumen baimenak eskuratzeko.



azPIeGITuren eGUTeGIa

Zubietako errauste planta

2008. Aurten Donostiako Plan Nagusia aldatuko dute, Zubietako gainak eremu industrial bilakatzeko.

2009. Obretako eta eraikitzeko proiektua idatziko dute. Industria eta ingurumen baimenak eskatuko dituzte.

2009. Desjabetzeak hasiko dituzte lehen seihilekoan. Lurrak mugitzen eta eraikitzen hasteko prestakuntzari ekingodiote.

2009-2010. Eraikitze lanaren eskaintza egingo dute.

20010-2012. Eraiki egingo dute.

2013. Martxan jarriko dute.



Konpostatze plantak

2008. Lapatxeko konpostatze planta eraiki eta martxan jarriko dute. Bigarren konpostatze plantaren lurraren kudeaketa egingo dute.

2009. Bigarren konpostatze plantaren proiektua egingo dute. Urte amaieran eraiki eta martxan jarriko dute.

2010. Hirugarren konpostatze plantaren lurra kudeatuko dute, eta proiektua idatziko dute.

2011. Eraiki eta martxan jarriko dute herrialdeko hirugarren planta.



Transferentzia plantak

2008. Transferentzia eta garraio eredua definituko dute. Lurrak kudeatuko dituzte.

2008-2009. Proiektuak egin, eraiki eta martxan jarriko dituzte.

2009. Transferentzia plantak kudeatzeko hitzarmenak sinatuko dituzte.





San Markosko zaborrak beste hiru zabortegietara

Hilaren 31 dute azken eguna San Markosko zaborren %100 Lapatx, Urteta eta Sasietara eramateko
a. sarasola

Donostia

Orain dela bi aste hasi ziren eramaten Errenteriako San Markosko zabortegira eramaten den zaborren zati bat Lapatx (Azpeitia), Urteta (Zarautz) eta Sasietako (Beasain) zabortegietara. Hala jakinarazi zuen atzoko agerraldian Carlos Ormazabalek. Gaineratu zuenez, hilaren 31 baino lehen San Markosera eramaten den zabor guztia herrialdeko beste hiru zabortegietara bidaltzea espero dute.

Otsailean San Markosko zabortegia uda baino lehen ixteko Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak San Markosko Mankomunitatearekin sinatutako hitzarmenari buruz mintzatu zen Garapen Iraunkorrerako diputatua, plan berritua azaldu aurretik. Hitzarmenari esker egoera «desblokeatzea» lortu dela iritzi zion diputatuak. Zabortegiak gehien kaltetutako Beraun auzoko herritarrek merezi zuten albistea dela gaineratu zuen.

Batzar Nagusietan ordezkaritza duten talde guztiak pozik agertu ziren hitzarmenarekin, zabortegia behin betirako ixtea ekarriko duelakoan. Dena den, zabortegia dagoen leku berean hondakinentzako transferentzia planta bat egiteko asmoa ez dute ontzat Aralarrek eta EB-Berdeek.

Halako planta bat industrialde batean egitearen aldekoago agertu ziren bi taldeak atzoko saioan, eta aukera hori gutxienez aztertzeko eskatu zioten Foru Aldundiari. Ordea, industrialde batean plantaren eragina kaltegarriagoa litzatekeela iritzi zion Ormazabalek.





Ortega: «Errausteariematen diote lehentasuna»

I. Petxarroman

Donostia

San Markosko Mankomunitateak ez du ikusten begi onez Gipuzkoako Hondakinen Plan Nagusi berria. «Aldaketa batzuk gorabehera, segitzen dute errausteari lehentasuna ematen, eta interpretazio hori, gure ustez, okerra da», esan du Ricardo Ortega mankomunitateko lehendakariak (EB). «Egia da plan nagusi berrian badirela norabide onean egindako urratsak, baina ez da nahikoa».

Esaterako, konpostatzeari dagokionez, materia organikoa biltzeko modua okerra iruditzen zaio San Markosi. «Edukiontzietan bildu nahi dute materia organikoa, eta hori gure ustez ez da berme bat, ez kantitatea ez kalitatea ziurtatzeko. Gure ustez, atez ateko gaikako bilketa da bidea, eta horren aldeko apustua egiten dugu». San Markosek plan alternatiboa martxan jarri nahi badu ere, finantzazioa eta eskuduntzari buruzko zalantza batzuk dituztela aitortu du.





Gaikako bilketaren aldeko mozioak hainbat herritan

I. P.

Donostia

Materia organikoaren atez ateko bilketa egitea eskatzeko mozioak aurkeztuko dituzte gaur Errenteria eta Lasarte-Oriako udaletan, bi herrietako erraustearen aurkako plataformek eskatuta.

Orereta Bizirik eta Landarbaso Bizirik plataformek gogoratu dute San Markosko Mankomunitateak Kataluniara egindako bisitan ikusitako errealitatea: «Horrelako bilketa egiten duten udalek asko igotzen dute birziklatze kopurua, %15-20tik %65-70era».

Plataformak eskatu dio Errenteriako Udalari geldiaraz dezala materia organikoa lurrazpiko edukiontzien bidez jasotzeko egitasmoa, «garestia izateaz gain, ez baita egokia».

Halaber, Eusko Legebiltzarrari eskatu diote «lege aurrerakoia» egiteko, hondakinen gaikako bilketa bultzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.